Joan den astean 2015ko tasen izozketa onartu ostean, EAJren Udal Gobernuak zergak jaisteko aukera galdu egin duela salatu du gaur Erandioko PPk. Aiala Eguiluz tokiko popularren bozeramaileak gogoratutakoaren arabera, "oro har, 2011tik 2014ra %11,24 gora egin dute tasek eta zergek Erandion; 2011ko abuztutik 2014ko abuztura KPIk %3,7 igo den bitartean nazio mailan (Espainian), %4,1 autonomia erkidegoan eta %4,2 lurraldean". Baina, datu gehiago eman ditu Eguiluzek: "Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, %4,6 igo egin dira zergetatik eratorritako diru-sarrerak. Udalkutxako fondoek ere %5 egin zuten gora 2014an eta joera mantentzen bada gauza bera gertatuko da". Hori guztiagatik, udal tasa eta zergak jaisteko une egokia dela uste du Erandioko PP: "ez da bidezkoa herritarrek beti ordaintzen ibiltzea. Diru-bilketa jaisten bada zergak igotzen zaizkie, eta diru-bilketak gora badoa ez da presioa arintzeko neurririk hartzen". Argazkian, hainbat erandioztar Altzaga inguruan / © Erandioko Udala.