Getxoko Ahal Duguren ustez, erakunde publikoek "guztion interesa babestu" beharko lukete, eta "aurrekontu publikoak zorrotz eta gardenki kudeatu" behar dituzte. Beraz, "agintari publikoen eta promotore finantziario eta inmobiliarioen arteko lagunkeriarik ez dagoela ziurtatzeko" neurri guztiak hartu behar direla dio ezkerreko taldeak. Hori horrela izan dadin, egitasmo honen arlo guztiak erabat "argiak eta gardenak" izan behar dira: aparkalekuaren helburua bera, eraikuntzaren baldintzak, Uribe Kosta korridoretik izango dituen sarbideak, eta desjabetzeen baldintzak.
Ibarbengoa metro geltoki "fantasmagorikoaren" eraikuntza bera, eta horren ondoan egin nahi duten aparkalekua (lurrazpiko 3 solairukoa) Bilboko Metroaren erabilera errazteko justifikatuta ez daudela uste dute Ahal Dugutik, "askoz gehiago erabiltzen zen Getxoko geltoki zaharra desagertarazi zutela ikusita". "Gainera, Berangon, Leioan, Lamiakon, Areetan eta Lutxanan badaude metroaren ondoan kokatutako aparkaleku nahikoak", diote.
Gardentasuna
Jarraitu dutenez, behar dugun garapen eredua gardena izan behar du eta ezin da “pelotazo” urbanistiko edo "burbuila inmobiliarioan" oinarritu, "pairatzen dugun krisi ekonomikoa horien ondorioa baita". Ahal Duguk kudeaketa gardenagoa eta parte-hartzaileagoa egitea proposatzen du, eta politika zein irtenbide desberdinak bilatzea, proposamenak eta ereduak herritarron artean eztabaidatuak izan daitezen. "Irizpide hauek eta ekologia zein gizarte arlokoak Tosuko kanpaldiaren protestaren oinarrian daude", aipatu dute. Horregatik, Getxoko Ahal Duguk elkartasuna eta konpromiso osoa adierazi die protestaldia egiten dabiltzan herritarrei.