Izan ere, gazteek eta EAJk Eusko Jaurlaritzako URA agentziak Gobela ibaiko lanak abiatu aurretik hasi zituzten negoziazioak. 2011ko azaroaren 2an, 30 eragilek eta 400 bat auzokidek osatutako Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunak Plataformak eskatu zuten gaztetxearen iraupena eta uholdeak prebenitzeko lanak bateragarriak izateko eta bi aldeei elkarrizketak hasteko galdegin zieten.
Orduan, konfiantza sortzea izan zen lanik zailena, urteetan Getxoko EAJk dozena bat gaztetxe hutsarazi eta eraistea agindu ondoren, gazte asanbladako kide eta zaleen artean EAJk bere hitza beteko zuen zalantzan jartzen baitzuen askok. Jeltzaleen artean ere, mundu libertarioarengandik zein ezker abertzalearengandik hurbilago daudenak edo fidatzekoak izango ote diren galdera bolo-bolo ibili zen, batez ere Ondarreta batzokian. Halere, Uholdeen Batzordean Landak gaztetxea ez botatzea defendatu eta onartzera bultzatu zuen, auzokideek eta Bilduren babesaz. URArekin ere, pabilioiak bota gabeko lan proiektua adostu zuen Udalak. Gazteek, beraien aldetik, Itzubaltzeta gaztetxea "behin behinean" utzi zuten ondoren. Hurrengo urratsa Udalak eman zuen, Ezekiel Agirre kaleko Etxe Merke bat utzita. Espazio eta baldintza murrizketek eraginda, "Merkel Etxea" deitzen dute gazteek. Orain arte, Etxe Merkea erabiltzeko arauak bere horretan bete ditu IGAk. Horrela jarraitzea aurrerapauso gehiago emateko baldintza dela gogoratu du gaur Iturbek.
EH Bilduk eta PSE-EEk aldeko jarrera agertu dute, nahiz eta bakoitzak bere ñabardurak aurkeztu dituen. Koalizio soberanistak "positiboki" baloratu du gaurko akordioa, dirua Errekaganeko lursaila publiko bilakatzeko erabiliko baita, udal erabilpena emateko eta gainera "Itzubaltzetan sustraituta dagoen gaztetxeak bere proiektua aurrera eramaten jarrai dezan". Gogoratu dutenez, gazte asanbladari esker, emakume elkarteek, dantza elkarteek, herriko jai batzordeak eta makina bat kolektibok eskuratu dute bere jarduerak garatzeko espazioa bertan. PSE-EEk, berriz, garrantzi handiena publikotasunari eman dio: "ez dugu lursaila erosten talde jakin batentzat. Gaur kolektibo batzuek erabili ahal izango dute eta bihar beste batzuk izan daitezke".
PP, aurka
PPk, ohi legez, autogestio proiektuaren aurka mintzatu da. Eduardo Andrade zinegotziaren arabera, "EAJk orubea desjabetu nahi du gaztetxeko gazteak berriro ere pabilioietara ekartzeko, Getxon askoz gazte eta kultur talde gehiago direnean. Are gehiago, Udalbatza bukatuta, Alderdi Popularrak bidali duen ohar publikoan askoz urrunago joan da. Komunikabideentzat propioa sortutako bertsioan salatu dutenez Imanol Landa "alkateak Errekaganeko lur eremua erosiko du pabilioetako 'okupei' gaztetxe berri bat eraikitzeko". Dena dela, Andradek kritikatu egin du Udal Gobernuak Itzubaltzetako gazteekin darabilen negoziazioa: "ez da ulertzen alkateak gazte talde hori kutuna izatea. Zergatik pabilioiak talde horrentzat eta ez gainozteko gazteentzat?". Ildo horretan, kexu agertu da horrek eman dezakeen ereduaz: "gure alkateak ematen duen adibidea da zarata gehien egiten duenak nahi duena eskuratzen duela. Esaten die: 'udal espazio bat okupatu eta Udalak zaharberritu eta utziko dizue'". Pabilioiak botatzeko eta Gobela ibaia guztiz estaltzeko eskatu dute popularrek.