Ekintzaileentzako laguntza berriak banatuko ditu Leioako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 1a, 17:50

Behargintzaren bidez, norbere laneko etorkizuna diseinatzearen eta sortzearen aldeko apustua egiten duten, eta aldi berean, enpresa berrietan beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sorten dituzten ekintzaileak bultzatu nahi ditu Leioako Udalak. Horretarako ekintzaile horientzako zuzendutako laguntza berriak banatuko ditu tokiko erakundeak. "Proiektu horiek duten enplegua sortzeko gaitasuna funtsezkoa da tokiko garapenerako", udal arduradunek dioetenez. Horregatik, Leioako Behargintzak ematen duen aholkularitza teknikoaz gain, bi diru-laguntza mota berrien bidez, sustapen ekonomikoa eskainiko da. Guztira 54.000 euro banatuko dira diru-laguntza horietan negozio-plana prestatzeko eta aktibitate berriak abian jartzeko aholkularitza emateko. Deialdi honetako diru-laguntzak Lanbidek eta Europako Gizarte Fondoak finantzatzen dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013 EGFEuskadi Programa Operatiboaren barruan. Eskariak udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztu ahal izango dira edota Behargintza Leioaren bulegoan bertan, eta beste modu batez aurkezten badu, eskabidea behar bezala zigilatuta bidali beharko da faxez (944 022 541) edo posta elektronikoz (behargintza[abildua]leioa.net) 2014ko urriaren 15a baino lehen (eskabideak aurkezteko azken eguna). Argazkian, Leioako Behargintza / © Leioako Udala.

Lehenengo diru-laguntza motak, enpresa Ideia bat garatzeko laguntzak, ekintzaileak izan daitezkeen pertsonak enpresa-ideia bat sortzen, aztertzen eta egituratzen bakar-bakarrik aritzea du xede, gerora, bideragarritasun plan batean zehaztu ahal dena. Honetarako 38.000 euro bideratuko dira, 2.000 eurotako 16 laguntza 25 urtetik beherako gazteentzat, eta 1.500eko lau laguntza 25 urtetik gorakoentzat.

Bigarren diru-laguntza motak, enpresa proiektua berriak abian jartzeko laguntzak, negozio-ideia zehatz bat duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko laguntzak ezartzea du helburu, enpresa berriak abian jartzeko beharrezkoak diren ekintzak bakarrik gauzatzeko. Halaber, erabateko sustapena emateko asmoz, nahi duten esleipendunei Leioako Udal Enpresa Haztegiko lankidetzarako gunean lanpostu bat lortzeko aukera emango diete, betiere lekurik badago eta diru-laguntzarekin lotutako tutoretza aldian. Honetarako 16.000 euro banatuko dira, 25 urte baino gutxiago dutenentzat 2.000 eurotako bost laguntza izango dira, eta 25 urtetik gorakoentzat 1.500 euroko lau laguntza desberdin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun