Algortako Villaondoeta, Iparbide zein Ibaizabal kaleen eta Makaletako Etorbidearen arteko gunean agertutako plaka "berehala" kentzea eskatu dio
Getxoko PPk Imanol Landa alkateari. Marisa Arrue tokiko popularren bozeramaileak azaldutakoaren arabera, "auzokide batek ohartarazi gintuen atzo
Eustakio Mendizabal Benito "Txikia" irakur zitekeen errotulua jarri dutela bertan". Arruek gogoratu duenez, Dignidad y Justicia elkartearen eskaerari jarraituz, Bilboko administrazioarekiko auzi-epaitegiaren 5. Aretoak 2009ko apirilaren 8an agindu zuen ETA erakundeko kidea, poeta eta euskaltzalea zena gogoratzen zuen plazaren plaka kentzea (1980ko maiatzaren 17an, Getxoko Udalbatzak "Txikia plaza" izendapena onartu zuen, EAJ eta HBko botoekin eta PSEren abstentzioarekin); eta Getxoko Udalak handik gutxira bete zuen agindua. Urte horretako apirilaren 27ko osoko bilkuran, berriz, PP eta PSE-EEren botoez onartu egin zen
Txikia plazari izena aldatu eta "Bakearen plaza" izendapena jartzea. EAJk eta Ezker Batuak PPk aurkeztutako mozioaren kontra bozkatu zuten. "Azken izen hori onartzeko ezetzak izenik gabe utzi du plaza", aipatu du Arruek. Eustakio Mendizabal "Txikia" 1973ko apirilaren 19an hil zuen handik gertu Espainiako Poliziak. Argazkian, egunotan agertutako errotulua / © Getxoko PP.