Getxo udalerriko albisteak espainolez eskaintzen dituen
Contrapuntolocal.es agerkari digitalak jendaurreko aurkezpen irekia egingo du gaur, 19:30ean, Algortako Tamarises hotelean, Ereaga hondartzaren aurrean. Tokiko komunikabidea 2012an jaio zen, Lander Mardaras Areitio kazetari getxoztarrak bultzatuta. Handik hona ehunka informazio kaleratu du, Udal Gobernua estu jarraituta, komunikabidearen leloari jarraiki: "Dena ondo dabilela diotenen kontrapuntua gara. Linea kritikoa baina eraikitzailea dugu". Ildo editorialari dagokionez, euskararen aldeko diskriminazio positiboaren aurkako jarrera darabil Contrapuntolocal.es, eta maila politikoan unionismo espainol konstituzionalistan koka daiteke. Gaurko ekitaldiari begira komunikabideko kideek azpimarratu dutenez, "bi urte daramatzagu lanean udalerriko gaurkotasunari buruzko gizarte, politika eta ekonomia albisteak argitaratzen, eta bazen garaia jendaurrean agertzeko". Era berean, Tamarisesen "proiektua indartzeko urrats bat gehiago ematea" espero dute.