Eraikin historikoetara bisitak eta kontzertuak uztartuko dituzte Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 1a, 20:08

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta, lurraldeko 68 udal erakundeen laguntzarekin abiatuko dira ostegun honetan (urriak 2) Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak, tartean Getxo eta Leioa direla. Azken honek “Exeko musikak” egitasmoa aurkeztuko du: udalerriko eraikin historikoetatik doan ibilaldia, inguruko artisten musikarekin jantzia, kalitatezko musika, eragin anitzekoa, flamenko, jazz, musika latino eta folkarena kasu, udal leioaztarreko iturriek zabaldu dutenez. Programa urriko lau asteburuetan zehar garatuko da. Gidatutako bisitak egingo dira udalerriko lau eraikin historikotara: Mendibile Jauregia, Ondiztorre, Elexaldebolua eta Artatza Jauregia. Bisitok bi taldetan antolatuko dira (larunbatetan, 18:00etan; eta igandeetan, 12:30ean). Gehienez, 50 pertsona joan ahal izango dira talde bakoitzean. Larunbatetan, 20:00etan, gidatutako bisiten ondoren, kontzertuak izango dira, eraikinetan bertan, Leioako eta inguruko artisten eskutik, hala nola: Gaizka Baena gitarrista leioaztarra (flamenco), Bilbon bizi den Joshua Edelman pianista (jazz), Barakaldoko Ruaille Buaille folk taldea (Leioako musikariak dituena), edo Masiompa talde bizkaitarra (world music). Argazkian, Artatza Jauregia dago bisitatuko dituzten eraikinen artean / © Leioako Udala.

Kontzertuak eta bisita gidatuak doanekoak izango dira. Bisitetara joan nahi duten guztiek lekua erreserbatu beharko dute 946 072 570 telefono zenbakira deituta edo Kultur Leioako harreran bertan (behe solairua).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun