Topatu.info gazte proiektu komunikatiboko hiru kide deklaratzera deitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak,
webgunean bertan jakinarazi dutenez. Madrilera joan beharko dute urriaren 7an, Euskal Herrian deklaratzeko egindako eskaerari epaileak uko egin ostean. Ernaik 2013ko martxoan Urduñan antolatu zuen Gazte Danbadako ekitaldi politikoaz informatzeagatik deitu dituzte, "terrorismoari gorazarre" egin ziotela leporatuta. 2013ko martxoaren 29tik apirilaren 1era bitartean Gazte Danbada jaialdia ospatu zen Orduñan. Ekitaldi politiko nagusian hitza hartu zutenek espetxean hil zen Xabier Lopez Peña preso politikoa izan zuten gogoan, eta "terrorismoari gorazarre" egin ziotelakoan auzipetu zituen Velascok Ernai gazte antolakundeko hainbat kide. Tartean, Ernai gazte eragilearen Ernaiantolakundea.org webgunea ixteko agindua eman zuen Velascok, Lopez Peña goraipatzen zelakoan. Horren harira, Aitor Ortuondo Ekostat Informatica SL Gorlizko enpresako langilea galdekatzea agindu zuen epaileak. Baina, azkenean,
magistratuak atzera egin eta onartu zuen Ortuondo ez zuela ardurarik izan Ernai gazte antolakundearen webgunean eta, beraz, "terrorismoa goratze" delitua leporatzeari utzi zion. Argazkian, Topatu.info-k plazaratutako salaketa kartela / cc-by Topatu.info.