
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak atzo zabaldu zuenez, Ertzaintzak 21 urteko gizonezko bat atxilotu zuen herenegun (asteartea) arratsaldean Erandion, genero-indarkeria eta legez kontra atxikitze delitu bana egotzita; biak, bikotekidearen kontra. Polizia iturrien arabera, emakumea 24 ordu baino gehiagoz egon zen bere etxebizitzan atxikita, eta tarte horretan bikotekideak fisikoki eta sexualki eraso egin zion. Azkenik, erasoarengandik ihes egitea lortu zuen, eta gertatutakoa salatu. Bada, hori salatzeko, gaurko kontzentrazioa deitu du Erandioko Txoko Feministak. "Erasorik ez erantzunik gabe!" lelopean, Altzagan, metro geltoki aurrean batuko dira, 20:00etan, kontzentrazio zaratatsua eginez. Argazkian, emakumeenganako indarkeriaren kontrako kontzentrazioa Erandion, artxiboko irudian.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!