Larunbat honetan, urriak 4, Hegaztien Munduko Eguna dela eta, asmo zientifikoekin hegaztiei eraztuna ipintzeko erakustaldia antolatu du Bolueko hezegunean Getxoko Udalaren Ingurumen Arloak. Ekitaldia herritar guztientzat dago zabalik, tokiko iturriek adierazi dutenez. Hezegunean bertan egingo da jarduera, bertoko ponpa-etxean hasita, 09:00etatik 13:00etara; eta eguraldi ona egiten baldin badu. Hau da, euria izan edota haize handia ibiltzekotan, bertan behera geratuko litzateke. 2014ko edizio honetan, Keltse Eiguren Ingurumen zinegotziak aurreratu duenez, “hegaztiak ekosistemen kalitatearen adierazle bikaina direla eman nahi da ezagutzera, eta hortaz, gure ingurunearen egoerari buruzko ohartarazpen-seinale moduan balio dutela”. Hala da ze, Eigurenek gehitu duenez, “Eurostat Europako estatistika bulegoak jasangarritasuna eta giza ongizatea neurtzeko adierazle nagusienen artean hegazti-populazioen jarraipena sartzen du” . Argazkian, txori bati eraztuna jartzen Boluen / © Getxoko Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!