Inkestas Rock jaialdia eta "Kibubu" antzezlana asteburu honetan Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 3a, 13:10

Igande honetan, urriak 5, Sopelako Kurtzio kultur etxean umeentzako antzerki zirraragarria izango da. "Kibubu" askatasuna eta errespetuari buruzko antzezlan ikusgarria da. Gaur egun, euskal eszenan ikus daitekeen haur ikuskizunik onenetako eta hunkigarrienetako bat, udal arduradunen arabera. Marie de Jongh-ek, Bilboko antzerki konpainiak, hainbat sari eskuratu du Europan zehar. Antzezlan honek 5 urtetik gorako ikusleentzat da eta, berbarik egiten ez den arren, sentimenduz eta zirraraz beterik dago. Hitzordua 18:00etan izango da Kurtzion. Sarrera, hiru euro. Bestalde, irailaren 24tik 28ra Sopela Kosta Fest jaialdiaren lehenengo edizioa ospatu ostean, musikak ez du etenaldirik izango Sopelan. SKFrako jarritako karpa aprobetxatuz, Inkestas Rock Festibal jaialdiak hondartza ingurua utzi eta udaletxe plazara helduko da. Gaur eta bihar 19 rock taldek joko dute udaletxe plazan (sarrera debalde izango da). Bertako taldeak eta izen handiko taldeak elkartuko dira, Big Mouth, Luppulo, Boogie Riders, Gildas edota Chivo tartean direla. Gaur bederatzi talde arituko dira txandaka 17:30etik 01:00etara eta, bihar, beste hamar 16:30etik 01:00etara. Argazkian, 2010eko uztailaren 24an, Inkestas Rock Festibala antolatu zuten Larrabasterrako Urko kiroldegiko aparkalekuan / © Inkestas Rock Festibala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun