Erandioko institutuko ikasleak memoria historikora hurbilduz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 3a, 19:48

Erandioko BHI-ko ikasleak “Goazen gudari danok… Askatasun bidean Zirardamendi-Aiastia (San Migel) Elgoibar, 1936, En defensa de la libertad” erakusketan izan dira bisitari gaur eguerdian, Altzagako antzinako merkatuan. Sabino Arana Fundazioak zenbait udalekin eta beste kultur erakunde eta instituzio batzuekin elkarlanean antolatutako erakusketa horren helburua 1936ko Gerran Zirardamendi-Elgoibar frontean jazo ziren gertaerak gogoratzea da. Arana Goiri batailoiko hamalau gudari hil ziren bertan, Juan Agirre (Mungian jaioa, baina Astrabuduako Udal Uri Batzarrean EAJn afiliatuta), Emeterio Llavori erandioztarra, Sabin Atutxa getxoztarra eta Eusebio Gaubeka leioztarra tartean. Aipatu institutuko 15 eta 17 urte bitarteko neska-mutil horiek, aurrena, Iban Gonzalezek zuzendu eta Baleukok ekoitzitako dokumentala ikusteko aukera izan dute; lan horretan, inguru haietan agitu ziren gertaerek izan zuten garrantzi historikoa aztertzen da. Ondoren, Iñaki Goiogana historialariak gazteen galderei eta zalantzei erantzun die, gero eta inplikatuago eta interesatuago agertzen izan baitira memoria historikoaren zera hori zer ote den. “Ezin bereizi daitezke memoria eta historia —esan du Goioganak—, horixe delako iraganeko hutsetatik ikasteko modu bakarra, gertatu zen hura guztia gogoratzekoa, gogoan izatekoa, ‘memoria historikoa’ egitekoa, ez baita ahaztuta geratu behar, hurrengoan berriro gerta ez dadin”. Argazkian, urriaren 8ra arte egongo da erakusketa Altzagako azoka zaharrean.

“Hasiera batean gatazka hartan jazo ziren gudu ugarietako bat besterik ez lirudikeenak azken buruan esangura garrantzitsua izan zuen Euskadirentzat. Gatazka hartan gudu hura mugarri bat izan zen, bere aurrekoa eta ostekoa bereizi zituena eta, neurri handi batean, baita gure Herriaren historian eragin handia izandakoa ere”, nabarmendu du erakusketaren arduradun Iñaki Goioganak.

Hain zuzen ere, gudari haien jarkierak eragotzi zuen ejertzito altxatuak aurrera egitea, bai eta frontea zenbait hilez egonkortzea lortu. "Horrenbestez, Autonomia Estatutua, Madrileko Gorteetan urriaren 1ean onetsia izan zelarik, eraginkor bihurtu ahal izan zen eta urriaren 7an Lehendakari aukeratu zuten Jose Antonio Agirre, zeinek Gernikan bere kargua zin egin baitzuen. Horretara, bada, lehenengo Eusko Jaurlaritzak armada bat eregitea lortu zuen, edo baita milaka eta milaka errefuxiatu (umeak batez ere) sorotsi zituen laguntza-sare bat ere, unibertsitate bat, euskarazko egunkari bat, hezkuntza-sare bat, etab. Hori guztia 1936ko urria eta 1937ko ekaina bitartean", azaldu du Goioganak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun