Leioako
Udondo gaztetxeak Jamaikako doinuen zaleentzako ezinbesteko arretagunea izango da gaur. Izan ere, arratsaldeko 8etatik aurrera,
Mr Williamz, Salda Dago eta
Thunder Clap Sound System arituko dira Udondoko zentro sozialean, sarrera bost eurotan eskura daitekeela. Micah Williams edo Mr Williamz reggae eta danchall musiken egungo erreferenteetako bat da, eta lehenengo aldiz Euskal Herrian joko du. Jatorri indiarra duen ingelesak 8 urterekin hasi zen musika munduan, tokiko sari bat irabazi zuela. Hortik aurrera letrak idazteari ekin zion. 16 urterekin, berriz, anaiarekin batera sound-system bat sortu zuen. Lehenengo arrakasta, ordea, 2008an heldu zitzaion, "Babylon in helicopter" single-a dela medio. Horrek munduko ateak zabaldu zizkion. Zaleek "Fighter" ekoizpen berria noiz amaituko zain daude. Vini, Pitu eta Carlos Thunder Clap Sound System-eko partaide bizkaitarrak roots reggae eta dub munduan dabiltza 2007tik. Azkenik, Chete edo Salda Dago dancehall-ez aritzen da, eta beste batzuen artean "Patio" kanta ezaguna egin du. Halere, Leioan "Los hombres del Mañana" abesti berria aurkeztuko du, orain arte oso gutxitan entzun ahal izan dena. Argazkian, Micah Williams / © Mrwilliamz.com.