Gaur urtemugako azken eguna izan arren, Itzubaltzeta Gazte Asanbladako kideek argi dute hemen ez dela beraien lana bukatuko. Alde batetik, "nahiz eta jakin tresna bat dela eta ez helburu bat", gaztetxea berreskuratzeko ardura dute: "Tamalez, gure 10. urteurrena gaztetxetik kanpo ospatu behar dugu", egun Ezkiel Agirreko kaleko udal Etxe Merkean, "Merkel etxean", baitaude Gobela ibaiko obrak egin bitartean. Udalarekiko hitzarmena lantzen ari dira, "gazteriak behar dituen puntu batzuk" negoziatzen. Gerora, URA ur agentziak lanak bukatuta, zahar-berritze lanak helduko dira, eraikina zutik iraungo duen berme guztiak izan eta zaharkitutako hainbat instalazio berritzeko. Mugikortasun duten pertsonek bigarren solairura igotzeko bitartekoak ere jarri nahi dituzte. Halere, Getxoko Udalak 2011n negoziatutako ildotik aldendu ez dadin, hitza bete dezan eta emaitza ahalik eta autogestionatua izateko zaindu behar dutela diote. Bestalde, ez dira beldur "auzokideekiko elkarbizitza" susta ditzaketen udal baldintzez, harremana auzokideekin "oso ona" izan baita Errekagane kaleko gaztetxean zein Ezekiel Agirreko etxean eta IGAk berak horrelako arauak ere izan dituelako jaio zenetik.
Erreleboa
Landu nahi duten bigarren ildoa ohikoa da gazte asanbladetan, belaunaldi erreleboa, hain zuzen ere. Aitortzen dute aurreko urteotan errazagoa izan dela, gaztetxeak askoz gazte gehiago erakartzen zituelako. Orain, "Merkelen", gauzak egiteko oztopo gehiago dago eta kalera jo arren egiten dituzten ekintzek ez dute hainbeste ikusgarritasunik eta ez dago hainbeste aukera beste kolektiborekin aritzeko. Halere, baikorrak dira, gutxika-gutxika kide gazteagoak "gogoz" sartzen ari baitira.
Azkenik, herrian lantzeko gaia hartu dute behin-behinekotasuna. Gazte gisa, ikasle gisa, behargin edo langabetu gisa, kontsumitzaile gisa, hiritar gisa... ikusten dute guztiok "bizitza prekarioan bizi garela".
Hamar urte
2004ko irailaren 27an, egun gogorra izan zen Itzubaltzeta / Romon autogestioan sinisten zuten gazteentzat. Goiz hartan, Iñaki Zarraoa Getxoko alkate jeltzalearen aginduz, Santa Eugenia kaleko Itzubaltzeta gaztetxea bortizki hutsarazi zuten dozenaka ertzainek, gaztetxea defendatzen zutenei babesa emateko bildutako auzokideen aurka oldartuta. Hainbat lagun auziperatu eta zortzi zauritu, haietako bat Gurutzetara bidali zutena, buruan emandako kolpeak zirela eta. Egun horretan bertan 700 lagun atera ziren kalera, gazteentzako gune autogestionatua aldarrikatzera. Ordurako hondeamakinak ja botata zuen gazte zentro soziala.
Mobilizazioak eta barne lana etengabeak izan ziren hurrengo egunetan eta irailaren 30ean, aurreko gaztetxea galdu eta 3 egunetara Itzubaltzeta II gaztetxea okupatu zuten 400 bat auzokidek Errekagane kaleko aroztegian. Bertatik, uehunka gazte eta bestelako auzokideak pasatu dira, egindako hitzaldi, kontzertu, bazkari, jolas, erakusketa, gimnasio saio edo batzarretan, urteetan Itzubaltzetako kultur biriki askea izan dela. Gazteen topagunea ere bai, jakina, eta esan daiteke koadrila gutxi izango dela herrian bertan lagunik egin ez duena. Bitartean, PSE-EE eta, batez ere, PP behin eta berriro hura eraistea eskatu dute eta noizbait EAJk horren gaineko akordioren bat sinatu du, azkenean gauzatu ez zena.
Orain arte sinatutako hitzarmen bakarra Itzubaltzeta Gazte Asanblada eta Getxoko Udalaren artean izan da, Gobela ibaiko uholdeek kaltetutako auzokideen alde lehentasun izan zutela biek. Aurretik, 2010eko abenduan, Getxoko Udalak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuen gaztetxearen etorkizuna. Egoerak sortutako egonezina hedatzen joan zen herrian eta 2011ko azaroan 30 eragilek eta 400 bat auzokidek osatutako Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunak Plataformak ezagutarazi zuen Gobelako lanetarako plan ofizialek talka egiten zutela gaztetxea jarraitzearekin eta biak osagarriak bihur zitezen kanpaina abiatu zuen. Gaztetxeko kolektiboek lanak ahalbidetzeko zentroa behin-behinean itxi eta jarduerak beste toki batera eramatea onartu zuten, beti ere Udalak toki alternatiboa utzi eta gaztetxera bueltatzeko aginduarekin. Bueltan, baina, jabe pribatua beharrean Getxoko Udala izango da lokalaren nagusia. Udalak utzi zien Ezekiel Agirreko etxe merke bat, "Merkel etxea" deitzen dutena, espazioan eta baldintzetan suposatu duen murrizketagatik.
Pasa den irailaren 30ean, gaztetxearen 10. urtebetetzean, Getxoko Udalbatzak baimena eman zion Udal Gobernuari gaztetxeko lursaila erosteko, horretarako 1.501.000 euroko funtsa agindu zuela. Itzubaltzeta Udal Gaztetxea litzateke.