Gaur goizeko 9ak inguru, gizon baten gorpua aurkitu du Gurutze Gorriak Algortako Portu Zaharrean, Europa Press albiste agentziak Eusko Jaurlaritzaren
Segurtasun Sailaren iturriak aipatuz zabaldu duenez. Dirudienez, gizona uretara bota da goizaldeko 1a aldera, aurretik uretara erori den bere txakurra erreskatatzeko asmoz, Algortako Portu Zaharraren inguruan. Izan ere, Ertzaintzak abisu bat jaso du goizaldeko 1:15ean, gizon bat uretara bota eta desagertu egin dela jakinaraziz. Goizaldeko 3:30ak aldera, txakurra erreskatatu dute eta gizona bilatzen jarraitu dute, baina azkenean haren gorpua baino ez dute aurkitu, goizeko 9:00ak aldera. Gurutze Gorriak, Suhiltzaileek eta Ertzaintzak parte hartu dute operazioan. Goizeko 10:00etan, ordea, epaitegiko medikua eta epailea bertan izan dira, 39 urteko gizonezkoaren gorpua eramateko agintzeko. Argazkian, Gurutze Gorriaren erreskate ontzia artxiboko irudian / © Bizkaiko Gurutze Gorria.