Butroetarrak herriaz jabetu ziren, baina XVI. mendean horren gaineko boterea galdu zuten. Hortik aurrera bere goraldia izan zuen Plentziak, ontzigintza, balea-arrantza eta merkataritza zirela eta. Ontzigintzaren azken aztarna Astillero plaza da.
XVIII. mendean beheraldi handia hasi zen, izan ere, Espainiar-Britainiar gudan flota guztia galdu eta herrian industrializaziorik gertatu ez zenez, bere inguru naturala bere horretan mantendu zuen Plentziak. Azken arrazoi horregatik, burgesia txikiak udako herri bihurtu zuen Plentzia, batez ere XIX. mende amaieratik aurrera.
Ohartu barik eta bestelako ospakizunik gabe pasatu den arren, atzo urtemuga biribila bizi izan zuen Plentziako itsas-hiribilduak. David Crestelo Plasentia Butron museoko zuzendariak gogorarazi zuenez, igandean Plentziak 715 urte bete zituen. Izan ere, 1299ko urriaren 5ean orduko Bizkaiko Jauna zen Diego Lopez Harokoak Gorlizi Gaminiz auzoa kendu eta "Placentia de Butron" mugarritu eta eratu zuen, hiribildu berriari Logroñoko Forua eman ziola. Hurrengo Bizkaiko jaunek eta Gaztelako erregeek Forua berretsi zuten. Orduko garaian, arrantzan eta merkataritzan ziharduen gerora Plentzia bilakatuko zen itsas-hiribildua. Antza denez, Plentzia Gorliztik bereizteko helburua izan zen Gaztelako merkantzien garraioan giltzarri izango zen puntu bihurtzea. Argazkian, Plentziako egungo udaletxea.