Bederatzigarrenez munduko surflaririk onenak izango dira Galeako uretan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 8a, 13:08

Galeako uretan egingo da berriro Olatu Handien Munduko Zirkuituaren Europako proba bakarra. Punta Galea Challenge lehiaketan 24 surflarik hartuko dute parte, jardunaldi bakarrean. Era horretan, urriaren 15etik otsailaren 28ra bitarteko denbora tartea ezarri da, eguraldiaren baldintzen arabera, tamaina handiko olatuak sortzen diren eguna hautatzeko. Adur Letamendia surflariak munduko 6 proba bakarrenen artean Getxokoa egoteak duen garrantzia azpimarratu zuen, atzoko prentsaurrekoan. Orain arte, aurreko bi hitzorduak –Hegoafrika eta Txile– ezin izan dira bete, olaturik ez egoteagatik; ondorioz, Getxon eta Hawaiin erabakiko da zeintzuk izango diren dagoeneko Perun eta Mexikon egin den zirkuituaren irabazleak. Aurreko bi lehiaketak etetearekin, sarien poltsa gehituz joango da; alegia, Hegoafrikako eta Txileko probetan eman beharreko txekeak Getxon eta Hawaiin banatuko direnei gehituko zaizkie. Beraz, aurreikusitako 50.000 dolar 75.000 izatera iritsiko dira bi hitzorduetan. Argazkian, txapelketaren aurreko edizio bat / © Getxoko Udala.

Imanol Landa Getxoko alkatearentzat, "gure herria surfaren mundu-mailako zirkuituan beste behin sartzea poz handia da, horrek nazioartean hedatzen laguntzen baitu. Aurten, gainera, poztasun hori are handiagoa da; izan ere, Getxo Kirolaren Hiri Europar gisa onartua izan da, eta, sari horrek, irailean izandako skate-aren Volcom Bowl-A-Ramarekin edo uztaileko txirrindularitzako Getxoko Zirkuituarekin batera, kluben lana eta, kasu honetan, surf munduko jendearen, eta bereziki Getxo Surf Taldearen lana saritzeko balio du, Getxo kirol honen mundu-mailako erreferentzia bihurtzeko gai izan direlako".

Nobedade bezala, aurten ASP (Surflari Profesionalen Elkartea) gehitu da orain arte antolakuntzan lan egiten zuten Euskal Herriko Surf Federazioa, Getxo Surf Taldea, 3Sesenta aldizkaria eta Surfing Euskadi eta Getxo Kirolak elkarteetara.

Parte-hartzeari dagokionean, Alvaro Gonzalez Kirol zinegotziak azaldu zuen "lehiaketan parte hartuko dutela modalitatearen ranking mundialean sailkatutako 12 onenek, tartean egungo txapelduna, Grant “Twiggy” Baker, eta Greg Long ospetsuak, eta haiekin batera izango direla nazioarteko 6 surflari eta tokiko beste 6. Azken horien artean, honako hauek aurkitzen dira: Adur Letamendia (Europako surflari bakarra rankingean), David Bustamante "Zuku", Jon Garai, Indar Unanue, Natxo González (duela bi urte proba irabazi zuena) eta Aritz Aranburu, gure surflari nazioartekoena (aurten bigarren urtea izango du)". "Lehiakideak maila oso altukoak dira, eta, aurreko urteetako bezalako olatuak izaten baditugu, ikuskizuna ederra izango da", gehitu zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun