Ostegun honetarako, urriak 9, berriro ere Urdulizen deitu dute manifestazioa Bizkaiko Langabetuen Kolektibo eta Asanbladen Koordinadorak. Hitzordua 10:30ean jarri dute, metro geltokian.
Irailaren 25ean egin bezala, Viuda de Sainz SA enpresaren kontra egingo dute protesta, "udalerrian egiten ari den lanetan tokiko langabeturik ez hartzeagatik eta aparteko orduak sustatzeagatik". Viuda de Sainz enpresak dauka Urdulizko ospitaleko lanen esleipena eta sozietateak eta langabetuen elkarteek berriki apurtu dituzte orain dela urte bat abiatutako negoziazioak. Orain bi ostegun egindako protestaldian salatu zutenez, Urdulizen eta Uribe Kostan 280 eta 2.700 dira, hurrenez hurren, beste horrenbeste etxetara soldata eraman ezin dutenak. Hori dela eta, Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren "pasibotasuna" kritikatu dute langabetuen asanbladek, "aipatu enpresari horrela jotzen uzten diotelako". Argazkian, langabetuak Urdulizko ospitaleko lanetarako sarbideren batean, aurreko protestan.