Pello Salaburu: "Batasunaren eta euskalkien minak"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 8a, 15:15

Pello Salaburu - Erabili.com] Ez nuen uste nik berrogeita hamar urte pasatu ondoan itzuliko ginenik orduan, erdizka bederen, konponduak gelditu ziren arazoetan berriz ere saltsatzen hastera.Beti galdegin izan diot nire buruari zergatik diren gure hizkuntzan arazo, ondoko hizkuntzetan arazo ez direnak. Zergatik tematzen garen batzuetan gure herrietako xokoetan zinez ibiltzen omen den hizkera moldea ibili behar dugula herriko aldizkarian, letraz letra, aldi berean gure buruari galdetu gabe herri horretako zein etxetako edo zein auzotako mintzoaz baliatzen garen praktikan, hitzez hitzezko omen den letra molde hori paperean etzaten hasten garelarik. Nola dakigun egiaz “herriko” hizkeran –eta ez guk asmatutako herriko hizkeraz–, eskribitzen ari garela. Herritarrek herrian mintzo bakarra, erraz identifikatzeko modukoa gainera, ibiliko balute bezala. Zergatik galdetzen diogun gure buruari euskara batua ote den, jendakien artean, barrideen artean eta adiskideen artean ibiltzen dugun hizkera xarmant, koloredun eta harrigarri hori zapaltzen duena. Euskara batua ote den, diot, egunero eta etengabe euskalkien ametsetako kolorea zanpatu eta mazatzen duena. Zeren hala iduri baitu, euskalkien aberastasuna batuaren ezintasunen gainetik goraipatzen dugun aldi bakoitzean. Argazkian, Pello Salaburu, eskuinean, 2011ko irudian / © EHU.

Euskarak baditu inguruko bertze hizkuntza anitzek ez dituzten arazo bereziak, zalantza gabe, eta horien bideratzen eman beharko genuke denbora. Baina ez dut uste batasun-euskalkitasun kontu hori den gure hizkuntzak duen minik handiena. Zer uste dugu, gaztelaniak, ingelesak, frantsesak edo alemanak ez dutela dialektorik edo? Zer uste dugu, Bilboko batzuek “si sabría” erraten dutela-eta, forma hori egokia izaten ahal dela literaturan eta Bilbon erdaraz idatzitako egunkari batean bi aldiz pentsatu gabe ibiltzeko, horrekin hizkerari barneko xarma ematen diogulakoan? Benetan pentsatzen dugu Buenos Airesetako, Patagoniako, Piurako, Cáceresko edo Sonorako hizkeren artean dauden desberdintasunak txikiagoak direla Markinako eta Baztango hizkeren artean ikusten ahal direnak baino? Benetan uste dugu Quebeceko, Martinicako eta Marsellako hizkerak berdinak direla? Berdina dela Australiako, Bostongo, Alabamako eta Londreseko ingelesa? Senderrek, Delibesek eta Octavio Pazek berdin idazten dutela? Eta barka hemen gaztelaniazko adibideak bakarrik ibiltzen baditut. Atzo autobus batean nindoan Donostiara, eta mexikar bat nuen ondoan: “a mi me gusta acarrear el carro y pueblear” bota zidan, gauzarik arruntena bezala. Hori, nik gaztelaniaz “a mi me gusta coger el coche y pasar por distintos pueblos” erratea bezain batua da, bakoitzak bere tokiko ezaugarriak gorderik ere. Jakina, “a mi me guzta cogé er coshe y pazá por to lo pueblo” aski xarmanta izanen da, aski xokokoa eta goxoa, aberatsa eta kolorez betea hori entzuten duena itsutzeraino, baina aldi berean ongi erakusten digu nola ez den, nire ustetan bederen, dialektoaren alde egiten holakoak idatziz. Hori ez da dialektoen erakusgarria, baizik ezjakintasun hutsaren eredua. Euskalkien alde egin behar dela eta, batzuetan azken adibide horren tankerako testuak ikusten ditut euskaraz, xokokeria hutsak. Ez dute holako testuek euskalkiaren aberastasuna erakusten, baizik erabiltzailearen gordinkeria eta xamurtasun falta. Bizitzak mugak ditu. Hizkuntzak ere mugak ditu. Eta euskalkiek ere. Ez dira testu horiek, zoritxarrez, euskalkia indartzeko eginak praktikan, baizik euskara ahultzeko. Areago, zenbait kasutan testu horiek islatu nahi omen duten euskalkiari bat-batean sekulako ostikoa ematen diotelarik, herrikoa omen den hizkeran toki horretako biztanleek inoiz ere erran ez dituzten erramoldeak sartuz.

Nola egin umeari galdetzen du Maddi Sarasuak. Bada, erantzuna ez da zaila euskaltzale baten kasuan: euskaraz. Eta hitz horrek ez du bertze adjektiborik behar. Txanponaren bertze aldean dena ez da euskalkia, baizik erdara. Euskararen barnean ze kolore eman behar zaion umeari berak jakinen du, aukera horretan ere bada aberastasuna. Kontuan hartu beharko da, pentsatzen dut, ume hori ez dela beti bere herriko etxean biziko. Baztangoa naiz ni, hangoa dut hizkera, baina urte sobera daramat Bizkaian. Euskaraz hazi ditugu umeak etxean, batua deitzen dugun horren antzeko eredu batean, ez Baztangoa ez Bizkaikoa, baina baztandarrek eta bizkaitarrek ederki konprenitzen dutena. Sortetxera hurbiltzen naizelarik hango eredua aukeratzen dut, jakina. Ez dut uste gure semeek inolako xarmarik galdu duten, batuan eginik ere. Eta galdu badute, segur naiz galera horren erantzulea ez dela batua, baizik inguruko egoera guztia, batuarekin nahiz euskalkiekin hortxe segitzen duena. Holako galderak ez dizkio egiten bere buruari Madrilgo batek, edo Burgosko batek. Ez Marsellako edo Mexikoko norbaitek ere. Eskualde horietan, han-hemen sortutako umeak nolabaiteko batasun batean murgiltzen dira, izan hiri batekoak nahiz bertzekoak, eta batasun hori tokian tokiko hizkeren harien aberastasunarekin josten dute. Lekuko hizkerari eusteko, hizkuntzaren eredu komun eta bortitza bakarrik da gai. Euskara nahi genukeena baino ahulago dago: ahulago dago bazterreko erdara indartsua duelako. Ahulago dago anitzetan eztabaida ez baita batua-euskalkiak baizik euskara eta ez-euskara. Gehienetan hori da aukera. Euskal hiztuna xarma bila eskuargi eta guzi abiatzen bada, xarma eta edertasun hori euskaran harrapatuko du, ez erdaran. Ez dezagun gure burua engaina: euskarak berea egina du holako arazoak sortzen hasiz gero. Aitzinat egitekotan eredu indartsua behar dugu, denok batzen gaituena, eta ez bereizten gaituena, ezagutzen ditugun hizkuntza indartsu guzietan gertatzen den gisan: “Ez da zer ekarri medikurik, neu naiz medikurik asko” edo “Ez da medikurik ekarri behar, neroni naiz medikua” onartzen duena, bai, baina aldi berean “Esta ser ekarri medikurik, neu nas medikurik asko” eta “Ezta medikuik karri biar, neoni naiz medikue” baztertzen dituena.

Zalantza gabe, horrek galerak ekarriko ditu, aspaldi gaztigatu zigun Mitxelenak, orain dela berrogeita hamar urte. Hala gertatzen da hizkuntza guztietan, ez gara horretan batere bereziak. Baina betiere galera horiek partzialak izanen dira. Galtzea osoa izan dadin nahi badugu, orduan bai, orduan bide egokia da xokokeriak bultzatzen hastea, eta bertze hizkuntzek egiten dutenetik bereiztea. Horrekin ederki bazkatuko dugu erdara: “Esta ser ekarri medikurik, neu nas medikurik asko” eta “Ezta medikuik karri biar, neoni naiz medikue” onartuko dugu gure herriko hizkeran, eta koloreduna izanen da gure mintzoa, baina, ohartu orduko, horrenbertze miresten ditugun kolore eta ñabardurak biltzen dituen oihala ere janen dute hitz horiek: “No hace falta ningún médiko” erranen dugu orduan.

Pello Salaburu Etxeberria hizkuntzalari, euskaltzain eta unibertsitate katedradunak gaur Erabili.com agerkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun