Algortako Ereaga hondartza alboko landak "etxerik gabeko pertsonen babesleku" bilakatu direla adierazi du gaur goizean
Getxoko PPk. Are gehiago, gaurko prentsaurrekoa Tamarises hotelaren ondoan dagoen harkaitz-zulotxoan eman dute Marisa Arrue, Eduardo Andrade eta Raquel Gonzalez zinegotzi popularrek. Aipatu tokian arropa, lozakua, koltxoi bat eta sukalderako tresnak aurki daitezke; lagunen batek etxe bilakatu duenaren seinale. "Gure auzokideen kexuak jaso ditugu. Zikinkeria eta usain txarrez gain, segurtasun-gabeziaren gorakada jasan behar izaten dute", esan du Arruek. Usategiko aldapan gauza bera gertatzen ari zela zabaldu zuen apirilean Alderdi Popularrak. Hori dela eta, irtenbide gisa, udal aterpetxea egitea proposatu du Getxoko PPk, "Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legeak 20.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietarako zehazten duen bezala"; "PP 2007tik eskatzen ari dela, alegia". Argazkian, Arrue, Andrade eta Gonzalez gaur goizean / © Getxoko PP.