Areetako Andre Isasi Musika Eskolako Bandak eta Algortako Biotz Alai Abesbatzak elkarrekin eskainiko dute kontzertua ostiral honetan, urriak 10. Ohi bezala, Alfontso Vila eta Josu Soldevilla izango dituzte zuzendari, hurrenez hurren. Hitzordua 20:00etan jarri dute Erredentore eliza algortarrean. Gainera, ekitaldiaren helburua ez da nolanahikoa: sarrerekin (3 euro) batutako dirua Beñat Mardaras larri gaixo dagoen Algortako umearen sendiari laguntza emateko izango da. Beñat 7 urteko haur bat da, bihotzeko gaitz bat pairatzen duena. Hori dela eta, Bostongo Children ospitalean ebakuntza egin behar diote. 140.000 euroko kostua du ebakuntza horrek. Kontzertuaren errepertorioari dagokionez, besteak beste, "Herribera", "Oi ama Euskalherri", "Moment for Morricone", "Kalinka"… abestuko dituzte. Guztira 8 kanta izango dira. Argazkian, emanaldia Algortako Erredentore elizan, artxiboko irudian / © Ondarreta abesbatza.