Oinarri guztiak, eta book trailer-a egiteko jarraibide eta ideiak, www.kalabazan.com webgunean daude eskuragarri.
Kalabazan Kultur Ekimenak
Kalabazan kultur ekimenak 2013an Irati Astobietak, Jone Ibarretxek eta Garazi Basterretxeak sortu zuten, ikus-entzunezko komunikazioa, artea, euskara eta literatura esparruetan aritutakoak. Urte horren bukaeran Getxoko Udalak egindako Wanted (gazteen ekimen berritzaileak saritzeko sortua) lehiaketa irabazi zuten, book trailer lehiaketa proiektuarekin.
Elkarte honen helburu nagusiak artea eta kultura gazteen artean sustatzea eta, era berean, euskara euren esparruetara hurbilduz, erabilera bultzatzea dira. Horretarako hainbat ekintza sortu nahi dituzte: tailerrak, hitzaldiak, lehiaketak... Horietako bat dugu, hain zuzen ere, book trailer lehiaketa.
Promoziorako bideo bat ere prestatu dute
Wanted 2014
Urriaren 31ra bitartean egongo da zabalik gazteen proiektuei laguntzea helburu duen VI. Wanted ideia lehiaketan izena emateko epea. Lehiaketa, ideia edo proiekturen bat duten 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteentzat eginda dago eta bere xedea hori gauzatzeko baliabideak eskaintzea da.
Aurtengo berrikuntza bezala, "Wanted" hitza idatzita duten olana batzuk, tamaina handikoak, jarriko dira Algortako San Nikolas plazako liburutegian eta Areetako Elkartegian, kanpainaren publizitate-euskarri gisa. Eta aurten, deialdirako aurrekontua 2013ko 10.000 eurotik 18.000 eurora igo da, nahiz eta proiektu batek jaso dezakeen gehienezko laguntza 10.000 eurokoa izango den. Diruaz gain, irabazleei beste era bateko laguntza ere eskainiko zaie, hala nola aholkularitza profesionala, orientazioa, formakuntza, eta abar.
Aurten, iaz bezalaxe, Getxolan eta Gazteria Zerbitzua elkarrekin lan egiten ari dira programa hau ateratzeko. Lehendabizko aldiz, sustatzaileei proiektuak lantzen laguntzeko hainbat lantegi eskainiko zaizkie. Denak, edo ia denak, balio du: beraz, honako proiektu motak aurkez daitezke: antzezlan txikiak, performanceak, filma laburrak egitea, erakusketak, enpresa proiektuak, edozelako lehiaketak antolatzea, udalerrirako interesgarriak izan daitezkeen web orriak, blogak, etab. egitea, aisialdi jarduerak, hala nola ikastaroak eta tailerrak, gizarte arazoetan sentiberatzeko proiektuak, euskararen erabilera sustatzeko proiektuak, hitzaldiak bezalako dibulgaziozko proiektuak, eta abarrekoak. Hau da, orotariko proiektuak, berriak izan ala ez, baldin eta Getxoko gizarte, ekonomia edo kultura aberasten badute.
Parte hartzeko, proiektuaren zirriborro bat aurkeztu behar da, deialdiarekin batera onetsi den gidoiari jarraituz. Horren ondoren, talde sustatzaile guztiak lan saio batera gonbidatuko dira proiektuei buruz hausnartu eta, behar izanez gero, proiektuok berriro egin eta hobetzeko.
Deialdiaren oinarriak edozein Herritarren Arretarako Bulegotan, Getxolanen bulegoetan (Areetako Getxo Elkartegia), Gazte Bulegoan (Tangora Etxea. Tel.: 944 660 353; bertan informazio osagarria emango da) edo www.getxo.net/gazteria web orrian dira eskuragarri.