Atzo arratsaldean, Getxoko ertzain-etxeko agenteek, Durangoko ertzain-etxekoekin lankidetzan, hiru pertsona atxilotu zituzten indarkeriazko lapurreta batean parte-hartzea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, ertzainek auto bat atzeman zuten Iurretan eta haren barruan zeuden ustez urriaren 2an Gorlizko enpresa batean lapurreta egin zuten bi emakumeak eta gizona. Salatutako gertaerak aipatu ostegunean izan ziren, 17:00ak aldera, Sagastikoetxe industrialde gorliztarrean kokaturiko auto-garbiketarako lonja batean. Segurtasun Sailak dioenez, une horretan, gizon bat eta emakume bat agertu ziren enpresan, ibilgailu bat garbitzeko aurrekontu bat eskatzeko aitzakiarekin. Bi pertsonek negozioaren jabea entretenitzen zuten bitartean, beste emakumea pabilioian sartu zen eta dirua ebatsi zuen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!