Ertzainek, ikerketak eta gero, egiaztatu dute atxiloak hamaika lapurreta-salaketekin zerikusia duela, Segurtasun Sailak dioenez. Horietatik sei iazkoak dira, bost, berriz, aurtengoak. Aurtengo salaketak Getxon, Gorlizen, Sopelan, Urdulizen eta Zierbenan egindako lapurretei dagozkie, eta iazkoak, berriz, Zierbenako txaboletan eta baratzeetan egindako lapurretei.
Algecirasen
Iragan apirilean, Espainiako Poliziak atxilotu zuen Algecirasen errezibitze-delituagatik. Izan ere, bere furgonetan lanabes ugari aurkitu zituzten: bost lixagailu, bederatzi zulagailu, bost erradial, hiru inguratzeko zerra, hamalau sega-makina, sei soldatzeko makina, sei ekipo elektrogeno, lau pintura-punpa, sei motozerra eta bestelako lanabesak.
Atxilotuak honelako nekazaritzako materiala lapurtzen omen zuen: sasiak kentzeko makinak, motozerrak, belarra mozteko makinak, zulagailuak, rotaflexak, mota guztietako kableak, elikadurako gaiak, telefono mugikorrak, apaingarriak, brikolajeko erremintak, etab. Horien guztien balioa ez da zehaztu, baina handia da.
Polizia iturriek diotenez, herritarren lankidetza ezinbestekoa gertatu da atxiloketa egiteko. Hala, Ertzaintzak dei egiten die herritarrei, Uribe Kostako landa-guneetan pertsona edo ibilgailu susmagarririk hautemanez gero, abisu eman dezaten Ertzaintzaren Getxoko egoitzan, telefono honetara deituta: 944 063 420 edo, bestela, Sos Deiak 112 telefonora deituta.