Horregatik, eguneko egitarauan azpimarratzekoa da goizean antolatu den esperientzien truke gunea. Derioko Kultur Birika gunean euskaltzaleen elkarteetan azken urteotan interesgarriak izan diren bederatzi proiekturen aurkezpena egingo dute egitasmoon sustatzaileek. Esperientzia horien artean daude euskarazko komunikabide, kultur dinamika, familia transmisio edo boluntarioen aktibazioarekin lotutako egitasmoak, besteak beste. Hortaz gain, beste gizarte mugimenduetako esperientzietatik ere ikasteko asko dagoela jakinik, aurten mugimendu feministak izango du lekua Topa Egunean, Aztarnak izeneko egitasmoa aurkeztuko baita.
Egitarau zabala
Goizeko 10,30etan ekingo diote Topa Egunari, ekitaldi berezi baten bidez. Izan ere, Tximintxeko kideek azaldu dutenez, 15 urte barru "euskararen egoera nola amesten dugun idatzi eta lur-azpian 'erein' egingo ditugu ametsok", 2029ko irailean ereindakoaren fruituak zenbateraino bete diren jakin ahal izateko.
11etatik aurrera esperientzien trukegunea jarriko dute martxan Kultur Birikan. Eta zer aurkituko dugu bertan? euskaltzaleen elkarteko bederatzi esperientzia, mugimendu feministaren beste esperientzia bat eta gazte topaldia.
Baina goizak, esperientzien trukerako aukera emateaz gain, gozamenerako aukera ere emango du. Derioko kaleetan zehar izango dira umeentzako tailerrak, bertoko musikariak, kantujira, Lasarteko batukada, Erandioko kilikiak, Txorierriko txakolin eta Boga garagardoaren dastaketa eta talo jana.
Ibilaldi gidatu berezi bat ere izango dugu. Derion egonik, kanposantutik txangoa egiteak merezi du, zenbait bitxikeria eta altxor aurkitu baitaitezke bertan.
Dantzan amaituko dute goiza, Derioko plazan Larrain dantzaren doinuan. Bazkarirako tartea izango da ondoren, frontoian, gutxienez aurretik izena eman dutenentzat. Bazkaldu ondoren, kultur gindak izango dituzte: kantua eta bertsoak. Eta ordu berean, haurrekin familia giroan hurbiltzen direnek Irrien Lagunekin hitzordua izango dute.
Arratsaldeko seietan izango da Topa Eguneko ekitaldi nagusia, frontoian bertan eta ondoren, musikak hartuko du eguneko azken txanpa. Lehenenik erromeria, Fan&go taldearekin (bitartean elektrotxarangak musikaz bustiko ditu Derioko kaleak) eta, ondoren kontzertua, Zizka Mizka eta Gibelurdinek taldeekin.
Topa Egunerako bideo deia (© Tximintx Derioko euskara elkartea eta Euskaltzaleen Topagunea)
Topa Eguneko egitaraua