Algortako 74 urteko emakumea desagertuta dagoela zabaldu dute sare sozialen bidez bere senide eta lagunek. Familiarrek egindako larrialdi deiak oihartzun handia izan du jada paperezko komunikabide eta digitaletan. Izan ere, bere semeak adierazi duenez, joan den asteazkenean arratsaldeko 14:00ak aldera atera zen etxetik Algortako emakumea, eta orduz geroztik, etxekoek ez dute haren berririk izan. Senitartekoek salaketa jarri zuten berehala ertzain-etxean; eta polizia arduradunekin harremanetan jarritako iturriek diotenez, Ertzaintza gune zehatz batean bila ari ez bada ere, inguruan dabiltzan agenteak jakinaren gainean daude. Maria Begoña Santiago Ortuzar du izena desagertutako emakumeak. Praka zuriak, beix koloreko jertsea eta zapatilak zeramatzan ikusi zuten azken aldian. Baten batek zer edo zer jakingo balu beraiekin 112 telefono zenbakiaren bitartez harremanetan jartzeko eskatu dute senideek. Argazkian, desagertutako emakumea.