Literatura gustuko dutenek ekimen interesgarri bat izango dute Sopelan urritik abendura arte. Udalak martxan jarri du “Sopelan literaturaz solasean” egitasmoa, eta horri esker, hilero idazle bat joango zaie bere lan baten inguruan solasean. Hitzorduak Kurtzio kultur etxean jarri dituzte, 19:00etan, eta euskal literaturako idazleak izango dira protagonistak. Ekimenaren helburua euskal literaturari bultzada ematea eta jendarteratzea da, tokiko arduradunek azaldu dutenez. Gainera, hitzaldien bidez, eta bertaratutakoen artean interesa egongo balitz, Sopelan irakurleen klub bat sortzeko aukera aztertuko litzateke. Ostegun honetan, urriak 16, izango da lehenengo saioa, Danele Sarriugarteren “Erraiak” lanarekin. Bigarrena, berriz, Iban Zalduaren “Inon ez, inoiz ez”, azaroaren 11n. Eta azkenik, abenduaren 18an Bernardo Atxagaren “Nevadako gauak” eleberria izango dute aztergai. Argazkian, Bernardo Atxaga da hitzaldia eskainiko duen idazleetako bat / cc-by HUHEZI (Mondragon Unibertsitatea).