Shinichi Watanabe anime zuzendari japoniarra Getxoko Manga Azokara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 13a, 19:00

Shinichi Watanabe anime zuzendari ezaguna egongo da azaroaren 15ean eta 16an Areetako Xake plazan izango den Getxoko Manga Azokan, Kultur Etxeak aurreratu duenez. Zuzendari eta bikoizketa-aktorea "Excel Saga" edo "Puni Puni Poemi" sailengatik ezaguna da eta azokan izango diren zenbait jardueratan parte hartuko du. Aurten egitarau zabala izango da azokan eta, horrezaz gain, 38 saltoki egongo dira. Horietan, zaleek komikiak, artbooks-ak, anime filmak eta merchandising anitza erosteko aukera izango dute. Watanabek, "Nabeshin" ezizenaz ezaguna, animazio japoniarraren munduan ospea lortu du "Yamato Nadeshiko Shichi Henge", Nerima Daikon Brothers, "éX-D: Danger Zone", "Lupin III: Da Capo of Love" ekoizpenei esker eta, bereziki, aipatutako "Puni Puni Poemi" eta "Excel Saga" sailen bitartez. Bere itxura xelebreaz baliatuta arrakasta handia lortu du zaleen artean, "Cowboy Bebop" sail ospetsuaren Spike Spiegel protagonista oinarritzat hartuta eta, gainera, bere janzkerak Arséne Lupin III pertsonaia gogorarazten du. Horrezaz gain, bere anime filmetako pertsonaiak bikoizten ditu. 80ko hamarkadako amaieran hasi zuen jarduera profesionala eta, ordutik hona, 50 sailetako kapitulu baino gehiagotan zuzendari eta story-board marrazkigile aritu da eta beste bederatzi sailen zuzendari nagusia izan da. Argazkian, Shinichi Watanabe / cc-by-nc-sa Kay Oh.

Azokaren jarduera egitaraua manga elkarte batek egin du eta horretan aniztasuna da ardatz nagusia. Aurten, bisitariek cosplay (mozorroak) eta karaoke lehiaketetan parte hartu ahal izango dute, besteak beste. Tailerrak ez dira faltako Getxon eta horietan marrazketa digitala, manga marrazketa, Gundam-en margozketa, cosplay argazkigintza, koadernaketa japoniarra, sukaldaritza eta makillajea ikasi eta egiteko aukera izango dute.

Eskaintza horri bideo-jokoak, borroka-joko erakustaldiak eta ilustrazioa, bonsai eta Gundam erakusketak gehitu behar zaizkio, baita Mangaparty jaia eta "Attack on Games" lelopeko kontzertua eta hitzaldi eta mahai-inguruak ere. Azken horietan honako gai hauek jorratuko dira, besteak beste: Euskadiko bideo-jokoen arloa, Estudio Ghibliren ekoizpenak eta animazioa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun