Getxoko Udaltzaingoak emakumeenganako tratu txar delitua egotzi dio 27 urteko gizonezko bati, 21 urteko bikotekide ohiari muturrekoa eman diolakoan. Udal getxoztarreko iturriek prentsa ohar bidez zabaldu dutenez, gaur goizaldeko 2:45 aldera izan dira gertaerak, Areetako kale batean. Orduan adierazi die emakumezkoak udaltzainei, minutu batzuk lehenago, eztabaida izan duela bikotekide ohiarekin eta horrek jo egin duela. Laster batean osasun etxera eraman dute andrea tokiko poliziek, bertan arta zezaten; masailean kolpea baitzuen. Handik gutxira topatu dute ustezko erasotzailea eta Guardiako Epaitegira eraman, epaiketa azkarra egin ziezaioten. Argazkian, 2013ko azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean, 50 bat lagunek egin zuten kontzentrazioa Algortako Telletxe plazan Bilgune Feministak deituta.