EHUko adituak lanean hastear dira Punta Begoñan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 16a, 13:13

Hil honetan bertan dago aurreikusita EHUko diziplinarteko aditu taldea lanean hastea, udal teknikariekin batera, Punta Begoñako galeriak berreskuratzeko, Getxoko Udalak aurreratu duenez. Eginkizun hori, joandako astean tokiko Gobernu Batzordeak onetsitako jarduketa-planaren proposamenaren barruan kokatu behar da. Halaber, gaineratu dutenez, hasiak dira jada galeriak lehengoratzeko obrak herritarrek gutxi barru bisitatu ahal izatea ahalbideratuko duten lehen jarduketak. Proiektua hirurteko planetan gauzatuko dute. Horietako lehena da orain abiatu dutena, 2,1 milioi euroko aurrekontuarekin. EHUko 3 campusetako 5 fakultatetako 10 sailetako 67 ikertzailek osatzen dute lan taldea. Bere lehen eginkizuna, galeriak eraikitzeko erabili zuten materialari zer gertatzen ari zaion ikertzea izango da –eraikuntzan lehenengoz erabilitako hormigoiak–, hori jakinda lehengoratze lanak hasteko. "Izan ere, ezinbesteko proiektua da Getxo, Bizkai eta Euskadiko ondare arkitektoniko eta historikoa berreskuratzeko eta ondare horri balioa emateko", diote udal arduradunek. Egitasmoan inplikatutako lau instituzioen babesa eta partaidetza jaso du dagoeneko: Getxoko Udala, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarena. Argazkian, Joseba Arregi eta Kepa Miñanbres zinegotziak galeak bisitatzen orain zazpi urte.

Lehenengo lanak abiatuta, jendeak obrak bisitatu ahal izango ditu laster. Birgaitze prozesu osoan herritarren parte hartzea bultzatzeko gauzatuko diren ekintzetan lehenengoetakoa izango da, hain zuzen. Horrez gainera, prozesuari osoko eta diziplina anitzeko ikuspuntutik ekingo diote. Horrek guztiak barne hartuko ditu bai eraikinaren gaineko esku-hartze zientifikoa, herritarrei zuzendutako parte-hartze eta hedatze programa, baita eraikinean bertan egin beharreko lan arkitektonikoa ere.

Era berean, beste jarduera batzuen artean, hurrengoak ere eramango dituzte aurrera: dokumentazio geoteknikoa, azterketa eta diagnostikoa, eragin sozio-ekonomikoari buruzko ikerketa, herritarren partaidetza fasea eta Getxoko identitatea eta kide izatearen sentimendua eragin nahi duen ondarearen zabaltze eta igorpen fasea.

EAJ eta Bilduren aldeko botoekin, PSE-EEren abstentzioarekin eta PPren oposizioarekin, Getxoko Udalbatzak "argi berdea" eman zion abenduaren 26an Punta Begoñako galeriak balioan jartzeko planari. Martxoaren 19an, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak onartutako hitzarmen markoaren bidez, Punta Begoñako galeriei balioa emateko planaren ildo nagusiak ezarri ziren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun