Aurkezpena Sopelan
Sopelari dagokionez, urriaren 24an, ostirala, bi ekimen izango dira. Alde batetik, Udalak eta Emakundek martxoan abiatu zuten parekidetasun ezari zein Sopelako emakume gazteen premiei buruz egindako ikerketa parte hartzailea aurkeztuko dute jendaurrean. Saioa elebitan egingo dute, Kurtzio kultur etxean, arratsaldeko 7etan. Sopelako Udaleko Berdintasun Sailak gogoratu duenez, Sopelako emakume gazteen errealitatea ezagutzeko asmoz, Sopelako Udalak berdintasun-desberdintasun egoeren eta beharrizanen inguruko diagnostiko parte hartzailea egin du aurten, helburu bikoitzarekin. Alde batetik, emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasunen aurrean emakume gazteek egiten dituzten eskaerak zeintzuk diren ezagutzeko. Bestetik, emakume gazte horien parte-hartze indibiduala eta kolektiboa bultzatuz, emakume gazte horien topaleku bat sortzea bultzatuz, desberdintasunen gainetik, batzen dituena lehenetsiz.
Diagnostiko hori egiterakoan emakume gisa kontzientzia handia duten gazte batzuekin lan egin dute. "Horri esker, lantaldeen ondorioetan genero ikuspegi argia egon da, aztertu diren eremu guztietan", ikerketaren arduradunek azaldu dutenez.
Azterketa horrek, gainera, emakumezko zein gizonezko gazte batzuei "kontzientzia pizten lagundu die, orain arte ez baitira guztiz jabetu emakume eta gizonezkoek pairatzen dituzten desberdintasunez".
Azkenik, ikerketa horrek emakume gazteek bizi duten errealitateen inguruko informazioa ematen du, "eta etorkizunean proposamenak bultzatzerako orduan oso kontuan hartzekoak izango dira".
Berdintasun Arlotik azpimarratu duten diagnostikoaren ondorioetako bat izan da Sopelak Jabekuntza Eskola bat behar duela. Hori dela eta, aurtengo ikasturtean abian jarriko dute aipatu eskola. Diagnostikoaren nondik norako guztiak urriaren 24ko hitzorduan azalduko dituzte.
Sopelako Jabekuntza Eskola
Izan ere, egindako azterketa parte hartzailearen emaitzak ezagutaraziko dituzten egun berean, urriaren 24an, martxan izango da lehenengo aldiz Sopelan Jabekuntza Eskola. Arratsaldeko 6etatik 9etara, Kurtzio kultur etxeak ostiralero hartuko ditu Mujeres Imperfectas elkarteak dinamizatutako eskola, gutxienez ekainera arte. Dagoeneko, 16 emakumek eman dute izena, "abentura eder eta aberats honetan". Sopelako Udaletik oso era baikorrean baloratu dute ekimena: "Berdintasunaren alde batzuek pausuak ematen dituztenean danok irabazten dugu".
Gorliz, Berango eta campusa
Halere, Getxo eta Sopela ez dira Emakunderekin batera parekidetasunaren aldeko jardueretan murgildutako eskualdeko udalerri bakarrak. Izan ere, Gorlizen, Sertutxenan, pasa den ostiralean Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) izan zuten hizpide, testuan generoaren ikuspegia gehitzeko. Pasa den asteartean, ordea, hezkuntza gune ez formaletan hezkidetza sustatzeko estrategiak aztertu zituzten Berangoetako kultur etxean. Azkenik, gaur goizean, unibertsitatean parekidetasunaren bidean sumatutako erronkak aztertu dituzte EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Jardunaldia sexu-aniztasuna eta genero-indarkerian zentratu da.