Raspas esklerosiaren alde bustiko da etzi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 16a, 18:37

Arenas futbol taldeak eginiko erronkari baietz emanda, Areetako Raspas arraun taldea Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (AEA) alde blaituko da larunbat honetan, urriak 18. Ekintza solidarioa arratsaldeko 1etatik aurrera egingo dute klubaren instalazioetan, Areetako ontziralekuan. Bertan, elkarte arraunlariaren kirolariak, zuzendaritzako kideak eta bestelako estamentuak bilduko dira, Jon Imanol Garamendi presidentea buru izango dutela. Joandako irailaren 15ean, Arenas futbol taldeko presidentea, zuzendaritzako kideak, jokalariak eta teknikoak ur izoztuz orioldu ondoren erronka bota zioten Raspaseko kideei, Athletic-eko kideei eta Ondarreta abesbatzari. Arraunlariek eutsi diote desafioari eta larunbatean bat egingo dute AEA gaitza dutenen aldeko ekimenarekin. Bitartean, Ondarreta abesbatzak Busti Zaitez kanpainari bere harri koxkorra ekarri zion pasa den asteko asteazkenean, Arenasen gonbitea onartuta. Romo ikastetxeko egoitzaren aurrean, "Maitia nun zira?" kanta abestu ostean, izotzez beteriko ur baldeak oihuka jaso zituzten. Horretaz gain, abesbatzak eta kideek diru ekarpena egin zioten AEA gainditzeko ikerkuntzari. Era berean, Algortako Biotz Alai abesbatzari, Getxoko Kultur Etxeari eta DigiPen Bilbao elkarteari haiek ere blai-blai buka daitezen eskatu zieten. Argazkian, Arenaseko kideak pasa den irailaren 15ean / © Arenas futbol taldea.

Arenaseko lehen taldea eta presidentea bustitzen (© Arenas futbol taldea)



"Maitia nun zira?" kantaren bideoklip-a (© Ondarreta abesbatza - Arenas futbol taldea)



Ondarreta abesbatza bustitzen (© Arenas futbol taldea)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun