Udal Arautegi Orokorra (UAO) berrikusi bitartean, ohiko osoko bilkuretako galde-eske txandan auzokideen hitza aktan jasota gera dadin proposatuko du
Getxoko EH Bilduk, urriko udal batzarrean. Batetik ondokoa eskatuko diote ezkertiarrek Udalbatzari: "onartzea beharrezkoa dela auzokideek osoko bilkuretan egindako adierazpenak aktan jasota gelditu daitezela, behintzat, osoko bilkurako kideen adierazpenak jasota gelditzen diren bezala". Hori lortzeko, Udalbatzako kide guztiei (EH Bilduren zinegotziak barne), EAJren Gobernu Taldeari eta udal idazkariari galdegin diote, araudietan behar diren aldaketak egin eta onartu ditzaten, auzokideek Osoko Bilkuretan egindako adierapenak aktan jaso ahal izateko. "Neurri hauek hartutakoan, baloratzen den modu egokienean (udal bandoa, "Getxoberri"...) informatuko zaie auzokideei egoera berriaz, osoko bilkuretan parte hartzera animatzearekin batera", amaitu dute soberanistek. Argazkian, ordezkari politikoek gai zerrendarekin amaitutakoan hitza eskatzeko aukera izaten dute auzokideek.