Emakumeak laneratzeko baldintzen profila hobetzeko,
Urdulizko Udalak,
Bizkaiko Foru Aldundiak,
Uribe Kostako Mankomunitateko Berdintasun Sailak eta
Uribe Kostako Behargintzak “Berriro bueltan” izeneko programa garatzeko akordioa onartu dute. Egitasmoaren hartzaileak 35 urtetik gorako emakumeak izango dira, eta Urdulizen erroldatuta egoteaz gain, urtebete baino gehiago eraman beharko dute lan merkatutik kanpo. Proiektuak bi alde izango ditu. Batetik, norberaren kontura laneratzeko laguntza: kolektiboko emakume ekintzaileentzako laguntza ildo bat zabaldu da. Gehienez 3.000 euro jaso ahal izango dituzte ekintzaileek. Bestalde, inoren kontura laneratzeko laguntza emango dute: enpresei, kolektiboko emakumeak kontrata ditzaten, programako pizgarri ekonomiko espezifikoak eskainiko zaizkie, eta dagoeneko badiren beste laguntzen berri emango zaie. Kontratatzeko laguntza ekonomikoa 1.500 eurorainokoa izango da kontratu bakoitzeko. Argibide gehiago nahi izatekotan, jarri harremanetan Uribe Kostako Behargintzarekin (www.urkobe.net). Argazkian, Urdulizko udaletxea.