Gorka Zurinaga sartu da Arenas futbol taldeko zuzendaritzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 16a, 23:32

Arenas futbol taldeak pasa den astelehenean burututako Zuzendaritza Batzordean, aho batez onartu zen Iñigo Orbegozo batzordekideak arrazoi pertsonalengatik aurkeztutako dimisioa. Era berean, klubak eskertu zituen Orbegozok Arenasi zein futbol munduari egindako ahalegina eta emandako zerbitzuak. Ondoren, Arenasen estatutuen 29. artikuluari jarraiki, zuzendaritzako kideek hutsunea betetzeko hautagaia izendatu zuten. Burutuko den hurrengo Batzar Orokorraren berrespenaren zain, aukeratutakoa, Gorka Zurinaga, jardunean arituko da. Bere ardura oinarri-futbola koordinatzea izango da, horretan Ignacio Lamikizek lagunduko diola. Zurinaga garai onean heldu da Arenasera, kirol mailan zortzi partida jokatuta erabateko liderra agertzen baita, zazpi garaipen eta, azken partidan, berdinketa bakarra jaso ondoren. Maila ekonomikoan ere, Francisco Javier Eguzkiagirre presidentearen zuzendaritzak aurkeztutako kontuek bazkideen onarpena jaso zuten pasa den irailaren 30ean egindako Batzar Orokorrean. Argazkian, Gorka Zurinaga / © Arenas futbol taldea.

Zuzendaritza taldea iragan den abuztuaren 11n onartu zuten, hautagaitza bakarra aurkeztu zela. Aurretik, Eguzkiagirrek dimisioa aurkeztu eta hauteskundeak deitu zituen. Elecnor taldeko Adhorna enpresako exekutiboa 2012ko ekainean heldu zen Arenas futbol taldea zuzentzera, Francisco Javier Herrero ordezkatzen. Lau hilabete beranduago, Elecnor Fundazioa babesle bihurtu zen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun