"Udaletan Berdintasuna Integratzen" deritzon ildo estrategikoa da "berdintasuna" ezartzeko esku-hartzea indartzeko beste jarduketa batzuk (ildo tematikoa eta udalez gaineko ildoa) biltzen dituen eremua, Bizkaiko Foru Aldfundiak azaldu duenez. Aurten burututako ekintzen artean aipatu dituzte generoaren ikuspegia sartzeko prozesuak, horretarako udal politikari eta teknikariekin hainbat bilera egin direlarik, bilera teknikoak eta politikoak, hain zuzen ere.
Garatutako lan-ildoetan hainbat arlo landu dira: hizkuntza eta irudiak, adiskidetzea eta zerbitzuen erantzunkidetasuna, genero-plangintza, aurrekontuetako genero-ikuspegia edo lanpostuetako genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna, besteak beste.
Berdineskola
Landutako ekintzen artean, "jaietan berdintasuna lantzen" deritzona aipatu dute foru arduradunek. 2012an abian jarritako ildo tematiko bat da, "jaietan berdintasuna kontuan hartzeko" tresnak jai-batzorde eta udalekin kontrastatzeko aukera ematen duen ekintza pilotu bat, hain zuzen ere. Beste ildo batek, "Mankomunitateetatik lanean" izenekoak, mankomunitateen artean topo egitea ahalbidetu du, mankomunitateek udalerri txikietan berdintasunari nola heltzen dioten ezagutarazteko.
5.000 biztanle baino gutxiagoko Bizkaiko udalerri guztiek jaso dute Berdinbidean-ek eskaintzen duen informazio zerbitzua. Gainera, 123 kontsulta erantzun dira, on-line eta telefonoen bidez.
Eudel, Aldundia eta Emakunde ere bat etorri dira "berdintasuna lortzeko hiritarren partaidetza sustapena azpimarratzeko ahaleginetan". 2012an diseinatu zen udalerri txikietan berdintasuna sustatzeko Berdineskola eskolaren bidez, herritarren partaidetza bultzatu da eta Emakunderi ekintza-beharrizanak helarazi zaizkio.