Bigarren eta azken asteburuari helduko diote Getxoko Antzerki Jardunaldiek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 17a, 13:59

Larunbat eta igande hauetan, bigarren eta azken asteburua izango dute Getxoko Antzerki Jardunaldiek. Haur antzerkiari dagokionez, bi kale ikuskizun egongo dira, 13:00etan, Algortako San Nikolas plazan, sarrera dohainik: bihar, "Mendizaleak" pailazoen lana, eta etzi, ipuin animaliak biltzen dituen "Zoozoom" muntaia. Haurrentzako ikuskizuna beste lan batekin osatzen da: "Sutondoan", txotxongilo eta itzalez baliatzen dena euskal mitologia publikoari gerturatzeko. Azken hori, igandean izango da, 18:00etan, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan, 5 eurotan. Hain zuzen ere, aipatu tokian izango da, larunbatean, 20:00etan, helduentzako saioa gaztelaniaz: hilobiaz haraindiko umore musikala dugu "Cabaret Chihuahua". Hemengo aldia egin duen eta arimen mundura kabaret xelebrera doan gizon gaztea du protagonista. Sarrerak 10 eurotan egongo dira, Kutxabanken orotarako kutxazainetan, www.kutxabank.es web orrian, Algortako Kultur Etxean (Villamonte kalea A-8), 944 914 080 telefono zenbakian eta Andrés Isasi Musika Eskolako txarteldegian (ikuskizuna hasi baino ordu bat lehenagotik). Argazkian, "Sutondoan" antzezlana / © A-Teatral.

Aurten, gainera, antzerki arineko egitaraua egongo da lehenengo aldiz. Guztira, gehienez minutu dirauten 10 muntaia antzeztuko dira. Lan guztiak Algortako kultur etxean izango dira, hurrengo saioa 19an dela. Halaber, Antzerki Jardunaldiek Getxoko Udalak zurrumurruen kontrako estrategiak hedatzen dituen baloreei atxiki zaie. Horren bitartez kultura arteko eta estereotipo negatibo edo aurreiritzirik gabeko Getxo baten aldeko apustua egin nahi da. Hori guztia dela eta, jardunaldietan antzezkizun bat eta zenbait ekintza izango dira.

Horrela, larunbat honetan, urriak 18, 12:00etatik 13:30era, bakarrizketak izango dira Areetako Xake plazan, Eskoletako plazan eta Itzubaltzeta / Romon. Hurrengo egunean, ordutegi berberan, eszenatokiak Algortako Telletxe plazan, Basagoiti Etorbidean eta Portu Zaharrean izango dira. "Gogoratu, bakarrizketa komiko eta familiarren bidez, zurrumurruen eta ideia faltsuen arriskuak agerian utziko dituzte eta baita aurreiritziak eta estereotipo negatiboetara eramaten dituzten ondorioak atera baino lehen informazio gehiago edukitzearen beharra ere", azaldu dute udal iturriek.

Bestalde, gaur, ostirala, 19:00etan, "El nuevo vecino" ikuskizuna ikusi ahal izango da, Algortako kultur etxean SOS Arrazakeriaren eskutik. Antzezpen parte hartzailea eta dinamikoa da, eta horretan publikoa istorioaren partea izango da, zuzenduz eta erabakiak hartuz. Obrak auzo batean sortzen diren arazoak erakutsiko ditu eta horiekin gure kaleetan aurki daitezkeen arrazakeria mota desberdinak eta zurrumurruak eraiki eta zabaltzen diren era ere utziko ditu agerian. Helburua da arrazakeria zuzenenarekin eta bortitzenarekin batera, finagoa den beste bat ere existitzen dela, identifikatzeko eta aurre egiteko zailagoa.

Sarrera doakoa izango da, baina interesatuek zurrumurrurikez[abildua]getxo.net posta elektronikoarekin harremanetan jarri beharko dute, sarreren kopurua zehazteko.

Egitaraua:

Urriak 18, larunbata

Algortako San Nikolas plaza.
13:00 Sarrera dohainik.

"Mendizaleak" (Tomaxen Abenturak)
(euskaraz; haurrentzat)

Areetako Andrés Isasi Musika Eskola.
20:00 Sarrera: 10 euro.

"Cabaret Chiuaua" (Teatro Mutante)
(gaztelaniaz; helduentzat)

Urriak 19, igandea

Algortako San Nikolas plaza.
13:00 Sarrera dohainik.

"Zoozoom" (Markeliñe)
(euskaraz; haurrentzat)

Areetako Andrés Isasi Musika Eskola.
18:00 Sarrera: 5 euro.

"Sutondoan" (A-Teatral)
(euskaraz; haurrentzat)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun