Berangoko jauregiak eta baserriak antzeztutako bisitan ezagutaraziko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 17a, 19:58

Ondarearen Jardunaldien bigarren edizioaren barruan, Berangoko jauregiak eta baserriak erakusteko antzeztutako bisita antolatu du Berangoko Udalak. Jarduera igande honetan, urriak 19, izango da, 17:00etan. Aurrez ikusitako ibilbideak Icaza eta Aguirre jauregiak, Otxandategi dorretxea eta herriko hiru baserri hartzen ditu. “Ekimen honi esker Berangoko jendea azken mendeetan bizi izan den etxebizitza mota desberdinak ezagutzeko aukera dugu”, nabarmendu du Aitor Miñambres Turismo arduradunak. Ekimena ACADAE Arte Eszenikoetako Lagunen Elkarte Kulturalaren laguntzarekin egingo da. Izakun Zubiaur Kultura zinegotziak jardunaldi hauetan herriko elkarteak eskaintzen duen laguntza nabarmendu du: “Garai hartako jantziak eramango dituzten aktoreen parte hartzeak gure eraikin enblematiko batzuetako historia era dibertigarri eta entretenigarrian ezagutzea ahalbidetuko digu, adin guztietarako egokia izanez”. Baina, Ondarearen Europako Jardunaldien harira, eskualdeko beste herri batzuetan ere izango dira bisita gidatuak, asteburu honetan, antzeztuak izango ez diren arren. Tartean, Neguri, Areeta eta Algorta inguruetan; Leioan; Plentzian; eta Sopelan. Argazkian, Icaza jauregia, Berangoko Moreaga parkean / cc-by-sa martingerz2.

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta, lurraldeko 60 tokiko erakundeen laguntzarekin egiten ari dira Ondarearen Europako Jardunaldiak. Horren harira, asteburu honetan eta hurrengoan ere bisita gidatuak, hitzaldiak, erakusketak... izango dira Uribe Kosta eta Erandion barrena. Bitxiena, agian, larunbat honetan, urriak 18, Plentzian egingo duten "Pedro bere giroan" izeneko tailerra. Foru iturriek azaldu dutenez, "Pedro izeneko maisu igeltsero despistatuak –baina adimentsuak azalduko dizkigu gure historian zehar erabili diren etxebizitza-motak. Nola eraiki ziren ere kontatuko digu: materialez, teknikez eta lanaren antolaketaz arituko zaigu, eta nola pixkanaka bera bezalako maisuak hobetuz joan ziren jakinaraziko digu". Gainera, etxe-eredu bakoitzean bizi zirenen bizimoduaren sekretuak ere azalduko ditu. Ondoren, familia bakoitzak, bere eskuez, Plentziako berezko etxebizitza berregingo du. Hitzordua 12:00etan jarri dute, Plentziako Turismo Bulegoan (Erribera 23). Informazioa eta erreserbak: 946 774 199. Leku kopuru mugatua. Ekimena 4 eta 12 urte arteko neska-mutilei eta beren gurasoei dago zuzenduta.

Hurrengo asteburuetan egongo diren ekimenak, herriz herri:

Berango:

"Baserriak, dorretxeak eta jauregiak" antzeztutako bisitaldia

Kurtze eta Otxandategi inguruetan ibiliko gara eta, ibilaldian zehar, “auzoko” berezi batzuk euren etxeez arituko zaizkigu: etxeak noiz eta nola eraiki ziren, barrutik nola antolatuta dauden, zergatik batzuek armarriak dauzkaten eta beste batzuek ez, arkitektoak zertan inspiratu ziren... Otxandategi dorretxea, Aldai baserria (dorretxea ote?), Intxaurraga baserria, Agirre dorretxea eta Ikaza jauregia izango dira XVI. mendetik XX. mendera bitarteko etxeetara eramango gaituen bidaia horren protagonistak.

Sabino Arana plaza.
Urriaren 19an (igandea), 17:00etan.
Informazioa eta erreserbak: 946 682 143 eta 946 681 179. Leku kopuru mugatua.

"Berangoko eraikinak" argazki-erakusketa

Baserrien antzinako eta gaurko argazkien eskutik, baserriak azken hamarkadetan nola aldatu diren –zoritxarrez, ez beti horien onerako– ikusiko dugu. Hainbat gorabehera dela medio gaur egun galdu diren eraikinen argazkiak ere daude ikusgai, baita gaur egun Berangon dauden baserri, dorretxe eta jauregi guztien argazkiak ere. Ibilaldia gure historian, ondarean eta, hitz batez, gure sustraien barrena.

Berangoeta Kultur Etxea. (Simon Otxandategi kalea 64).
Urria osoa, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara.

Erandio:

"Erandio Goikoa. Landa-elizatea izatetik burgesen lorategi-hiri izatera" bisitaldi gidatua

Ibilbide horretan, Gorka Pérez de La Peñaren eskutik, Andra Maria elizaren inguruak XIX. mendearen bukaeran, Asuatik Getxora zihoan errepidea eraiki zenean, izan zuen eraldaketa ezagutuko dugu. Landa-elizatea izan zena bertako burgesiaren bizitegi esparru bilakatu zen. Hasierako etapako Kurtzelarreta baserria ikusiko dugu eta bigarren faseko jauregitxoak, errepidearen bazterretan eraiki zirenak, baita Salustiano Orive (zati bat suntsituta dago) eta Ibáñez de Betolaza loruriak ere.

Euskadi plaza (Erandio Goikoa).
Urriaren 25ean (larunbata), 11:30ean (bi ordu inguru iraungo du jarduerak).
Antolatzailea:
Informazioa eta erreserbak: 944 890 100. Leku kopuru mugatua.

Getxo udalerria:

"Atxekolandeta eta Zugatzarteko etxe handi eta dotoreak" bisitaldi gidatua

Begoña Lurmuturreko Galerietatik abiatuko gara. Atxekolandetako etxe handi eta dotore nagusien (Arriluze, Aitzgoyen, Ampuero, Lezama-Leguizamón...) ezaugarriak bata bestearen atzetik aipatuko ditugu eta zein garai historikotan eraiki ziren jakingo dugu. Itxura dotoreko eraikin berriez beteriko Zugatzarte etorbidean gaudela, San Joseren jauregia (1914) bisitatuko dugu: XX. mendearen lehen hereneko etxe handi eta dotore burgesaren adierazgarri bikaina da (lorategiz hornituta, eraikin atxikiak, britainiar kutsuko barrualdea...)

Itsasoan galdutakoen etxea (Begoña Lurmuturreko Galerien aurrean).
Urriaren 18an eta 25ean (larunbatak), 10:00etan.
Informazioa eta erreserbak: 944 910 800. Leku kopuru mugatua.

"Neguri: urte osoan bizi izateko bizitegi auzoa" bisitaldi gidatua

Neguri auzoaren ezaugarri orokorrak eta bertoko etxeak ezagutu ondoren, Los Rosales egoitza (1917) bisitatuko dugu. Eraikin aparta da. Rafael de Garamendi arkitektoaren obra gailena da eta eraikin horretan estilo ingelesak (Old-English, Ana erregina...) eta euskal tradizioko eta tradizio espainoleko elementuak elkartu zituen. Bizkaian XX. mendearen lehen herenean eraiki ziren egoitza handienetako bat da. Eraikinak garaiko arkitektura burgesaren ezaugarri guztiak bildu zituen.

Karmengo Ama Birjinaren eliza (Neguri).
Urriaren 19an eta 26an (igandeak), 10:00etan.
Informazioa eta erreserbak: 944 910 800. Leku kopuru mugatua.

"Etxe handien ibiltokia" bisitaldi autogidatua

Bi kilometro inguruko ibilaldi atsegina, Areetako eta Arriluzeko kaietatik, Getxoko urrezko urte haiek gogora ekartzeko. Ibilbidean zehar, Getxoko jauregi-arkitekturaren eraikin adierazgarrienetako batzuk ezagutuko dituzu: XIX. mendearen bukaeratik XX. mendearen hasierara bitartean eraiki ziren. Ibilaldi gidatua, 29 interpretazio-tauletatik, garai hartan nagusi ziren estilo arkitektonikoak, arkitekto entzutetsuak edo garaiko gizarte-testuingurua ezagutzeko.

Churrucaren oroigarrian has daiteke ibilaldia eta Begoña Lurmuturreko Galerietan bukatu, edo alderantziz.
Urri osoan.
Informazioa: 944 910 800.

Leioa:

"Elexalde errota" bisitaldi gidatua eta kontzertua

Irin-lantegia eta errotarien etxea zen errota. Era berean, ordea, nekazaritza-etxea edo baserria ere bazen, bere itxura baserri tipikoarena ez bezalakoa bazen ere. Elexalde desberdintasun horren adibide ona da. XVIII. mendean eraiki zen eta soroez inguratuta zegoen. Labea ere bazuen, ogia egiteko eta arto goiztiarra lehortzeko. Elexalde errota 2001ean birgaitu zen, eta antzina balio anitzeko makina hura nola zebilen ikusteko aukera izango dugu. Kontzertu baten eskutik amaituko dugu ibilbidea.

Elexalde errota (Errotabide 9).
Urriaren 18an (larunbata), 18:00etan; urriaren 19an (igandea), 12:30ean.
Informazioa eta erreserbak: 946 072 570. Leku kopuru mugatua.
Oharra: Urriaren 18an (larunbata), bisitaldiaren ondoren kontzertua izango da.

"Artatza jauregia" bisitaldi gidatua

Artatza jauregia Manuel María de Smith arkitektoaren lan gailena da. 1914an diseinatu zuen Víctor Chávarri Trianoko markesentzat. Bizkaiko goi-mailako burgesiak, elementu ingelesen zale amorratuak, hain gogoko zuen Ana erregina estiloko elementu bereizgarriak ikusiko ditugu jauregian: adreilua, almenak, tudor arkuak, dorreak, barrualdearen antolamendua... Etxe handi eta dotore aparta, garaiko gizon garrantzitsuenetako batek merezitakoa.

Artatza jauregia (Basarte etorbidea 22).
Urriaren 25ean (larunbata), 18:00etan; urriaren 26an (igandea), 12:30ean.
Informazioa eta erreserbak: 946 072 570. Leku kopuru mugatua.

Plentzia:

"Pedro bere giroan" tailerra

Pedro izeneko maisu igeltsero despistatuak –baina adimentsuak azalduko dizkigu gure historian zehar erabili diren etxebizitza-motak. Nola eraiki ziren ere kontatuko digu: materialez, teknikez eta lanaren antolaketaz arituko zaigu, eta nola pixkanaka bera bezalako maisuak hobetuz joan ziren jakinaraziko digu. Gainera, etxe-eredu bakoitzean bizi zirenen bizimoduaren sekretuak ere azalduko dizkigu. Ondoren, familia bakoitzak, bere eskuez, Plentziako berezko etxebizitza berregingo du.

Plentziako Turismo Bulegoa (Erribera 23).
Urriaren 18an (larunbata), 12:00etan.
Informazioa eta erreserbak: 946 774 199. Leku kopuru mugatua.
Oharra: 4 eta 12 urte arteko neska-mutilentzat eta beren gurasoentzat.

"Plentziako alde zaharra: etxean bezala" bisitaldi gidatua

Ordena kronologikoaren arabera aztertuko dugu Plentziako etxebizitzaren bilakaera. Elizaren plazan hasiko dugu bisitaldia. Berton, Erdi Aroko hiri-egituraren, arkitekturaren eta bizimoduaren berri jasoko dugu, Alde Zaharraren historiaren abiapuntua baita. Ondoren, Alde Zaharreko kaleetatik ibiliko gara, XVIII. eta XIX. mendeetako etxeak bisitatuko ditugu eta aurrekoekin nahiz elkarrekin alderatuko ditugu. Gero itsasadarrerantz joango gara, indianoen etxeak eta itsasadar bazterreko urbanizazio-prozesua ikustera.

Plentziako Turismo Bulegoa (Erribera 23).
Urriaren 19an (igandea), 11:00etan (euskaraz) eta 12:15ean (gaztelaniaz).
Informazioa eta erreserbak: 946 774 199. Leku kopuru mugatua.

Sopela:

"Etxe burgesa landa mundura mugitu zen: estilo neoeuskalduna ezagutarazi egin zen" bisitaldi gidatua

XX. mendearen hasieran, ideologia nazionalista berria indarrez sartu zen baserri-munduan, non karlismoaren mira nagusi baitzen. Ondorioz, burgesia landatarrak berehala egingo zuen bat ideologia harekin, eta etxeak eraikitzerakoan, baserria hartu zuten eredutzat, baserria baitzen aldarrikatu nahi zuten munduaren erreferente sinbolikoa. Estilo neoeuskaldunaz ari gara. Juan Manuel González Cembellínen eskutik, Sopelan oraindik dirauten XX. mendearen lehen hereneko etxe neoeuskaldun batzuk ikusiko ditugu, kanpotik nahiz barrutik.

Sopelako Turismo Bulegoa (Aretxabaleta plaza, udaletxearen aurrean).
Urriaren 19an (igandea), 11:00etan.
Informazioa eta erreserbak: 944 065 519. Leku kopuru mugatua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun