Goikouriak, Bilbaok eta Epalzak parte hartu dute BizkaiaGO! ekimenean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 18a, 22:16

Joseba Goikouria Zarraga Erandioko alkate jeltzalea, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusi getxoztarra eta Itziar Epalza Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde getxoztarra izan dira gaur goizean Bizkaiko EAJk Derioko Kultur Birikan antolatu duen BizkaiaGo! hiritarren parte hartze ekimenean. Bertan, ehun bat lagunen aurrean, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak oparotasuna eta elkartasuna uztarturik bideratzearen aldeko aldarria egin du. Atutxaren ustez, "hori ez dugu soilik bizkaitarrok pentsatzen. Euskal hiritargoaren gehiengoak partekatzen duen ideia da. Euskal hiritarrak, guztiak eta Herrialde guztietan, langileak eta ekintzaileak gara, eta solidarioak gara. Penagarria da gure buruzagi politiko batzuk halakoak ez izatea. Penagarria da solidariotasuna bezalako gai sentsiblea beren alderdikerietarako erabiltzera. Eta, onartezina da pertsonak erabiltzea, gehienetan beharrean daudenak, hauteskundeei begira beren etekina ateratzeko: Bitxia bada ere, politiko horiek dira orain gizartean arrakala zabaltzen ari direnak, euskal herritarren artean lubakiak irekitzen ari dira eta irain faltsuak xaxatzen ari dira. Zorionez, Maroto eta De Andresen sinesgarritasunari atzera egiteko ordua heldu zaio. Beraiek izan dira beren demagogia, berekoikeria eta kontraesanekin uxatzea lortu dutenak”. Argazkian, hainbat burukide jeltzale gaur goizeko hitzorduan, tartean Joseba Goikouria, eskumatik hirugarrena / © EAJ.

BizkaiaGO! egitasmoaren bidez, herrialde osoan "milatik gora pertsonek suspertze ekonomikoaren eta enplegu sorreraren inguruan esan behar dutena entzutea" ei da Bizkaiko EAJren asmoa. Bizkaiko jeltzaleen burua izan da gaur Txorierri eta Uribe-Butroi eskualdeetatik etorritakoei ongi etorria egin diena. Atutxaren esanetan, “Bizkaiaren lehentasuna dira pertsonak: Bizkaia da enpleguaren sorrera eta suspertze ekonomikoa kalitatezko ongizate sistemarekin bateragarriak direla erakusteko adibiderik onena. Oparotasuna eta solidariotasuna ondo uztartzen diren hitzak dira, eta eskutik oratuta joan behar dute. Hona hemen hori erakusteko datu bat: Bizkaian, Aldundiak kudeatzen dituen euro bitik bat, eta 488 milioi euro dira, Gizarte Ekintzara bideratzen dira. Aldi berean, hiru urtetan 6.000 lanpostu berri sortu ditugu 50 milioi euro inguruko foru inbertsioari esker“, azaldu du BBBko buruak.

Atutxaren esanetan, BizkaiaGO! egitasmo horretako benetako protagonistak dira eskualde hauetako udalerrietatik etorri diren gizon eta emakumeak. Adin eta izaera guztietako hiritarrak, EAJrekin inolako zerikusirik ez dutenak eta gaika banatu diren mahaiak partekatu dituztenak talde jeltzaleak Eusko Jaurlaritzan, Foru Aldundian edo inguruko udaletan dituen herri kargudunekin. Besteak beste, honako gaiak izan dituzte hizpide: enplegua eta suspertze ekonomikoa, politika sozialak, ingurumena eta turismoa, kultura eta sormen industriak, gazteria, gobernu ona, landa garapena eta lehen sektorea, teknologia berriak eta etorkizuneko sektoreak, hezkuntza eta prestakuntza.

Bizkaiko EAJk prentsari zabaldutako oharraren arabera, "BizkaiaGO! helburu handiak dituen egitasmoa da, talde jeltzaleak 2014ko apirilean abian jarri zuen eta enplegu eta suspertze ekonomikoa du helburu". Herrialdeko eskualdeetan egingo den ekitaldi bakoitzean ehun bat pertsona hamar mahairen inguruan elkartuko ei dira, mahai bakoitzean gai zehatz bat jorratzeko eta horren inguruko proposamenak prestatzeko. Lanketa horren "helburu nagusia izango da enplegua sortzea eta suspertze ekonomikoari laguntzea". Ekimen horren bidez, euskal gizartearen aniztasuna baliatzea bilatzen da etorkizunerako gai garrantzitsu batzuen inguruan hausnartzeko, hala nola enplegua, hezkuntza, gazteria, suspertze ekonomikoa, politika sozialak, ingurumena eta turismoa, kultura eta sorkuntza industriak, etorkizuneko sektoreak eta teknologiak, gobernua edo nekazal garapena. Getxo, apirilean, eta Lekeitio, ekainean, jardunaldi hauek hartu zituzten lehenengoz.

Hamaika buruzagi Derion

BBBko buruak gaineratu duenez "pertsonak dira gure derrigorra, erakunde, enpresa eta eragile sozial ezberdinen artean akordioak lortzea beren bizitza kalitatea hobetzeko eta beren beharrizanei erantzuteko. EAJren aldetik ez dugu hartuko pertsonen eskubideak murrizteko erabakirik eta ez dugu Euskadiko ongizatearen apurketa bultzatuko. Eta eginahalak egingo ditugu euskal erakunde guzti guztiek 2015 urtean enplegua sortzen eta ekonomia suspertzen lagunduko duten aurrekontuak izan ditzaten, bai, baina krisitik denok batera irteten garela bermatzeko, inor bidean geratu barik, dena delakoa izan bere arraza, jatorria edo bere kontu korrontea”.

Uribe Kosta eta Erandioko jeltzale ezagunez aparte, Kultur Birikako instalazioetan elkartu dira, besteak beste, Unai Rementeria, Irene Pardo, Josune Ariztondo, Imanol Pradales, Pilar Ardanza eta Iosu Madariaga foru diputatuak; Ainara Zelaia (Fruiz), Aitor Apraiz (Bakio) eta Igotz Lopez (Zamudio) alkateak eta jeltzaleek eskualdean alkatetzarako aurkeztuko dituzten hainbat hautagai: Ager Izagirre (Mungia), Asier Larrabe (Gamiz), Jon Ander Aurrekoetxea (Lezama) eta Ester Apraiz (Derio). Halaber, Arantza Aurrekoetxe, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea eta Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiko Kirola eta Gazteria saileko zuzendari nagusia izan dira bertan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun