Tosu Betirako asanbladak egindako agerraldia
Martxaren kartela

Bihar, igandearekin, Getxo Lotsagarria Oinez izeneko txangoa izango da, Tosu Betirako asanbladak deituta. Martxa goizeko 10etan irtengo da Bizkaiko Zubitik eta hainbat eragileren babesa dauka. Besteak beste, EH Bildu koalizioa eta Podemos alderdia, LZPren Aurkako Asanblada, Auzokideok auzo elkarteen topagunea eta Ernai agertu dira ekimenaren alde. Bidean zehar, Itzubaltzeta / Romoko Kultur Etxearen hezurdura, ubidetik lantzean behin askatzen den Gobela ibaia, Larrañazubin dagoen zaborrak konprimitzeko planta, Hezetasun auzoa, Getxo Antzokia eta Tosuko ortu kolektiboak izango dituzte ikusgai. Puntu guztiak "erakundeek baimendutako hondamendiak" edota "porlana eta ormigoiaren biktima edo balizko biktima" dira, antolatzaileen arabera. Martxa bitartean, 13:00ak aldera, Usategin bazkaltzeko aukera izango da, norberak berea eramanda. Tosuko kanpaldira heldu ostean, arratsaldeko 5etan, txokolate jana izango dute. Martxa "lotsagarria" iragartzeaz gain, Tosu Betirako hainbat kidek agerraldia egin dute, orain arteko kanpaldiaren balorazioa egiteko. Biluzik eta, etxola bezala, lokatzak indartuta, negurako prest, inolako lotsarik gabe mintzatu dira. Erresistentzia gunetik pasa diren 300 lagun baino gehigori eskerrak eman dizkiete eta ospatu egin dute orain bi aste lortutako garaipena. Argazkian, Tosu Betirako asanbladaren kide batzuk.

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!