Iñigo Urkullu: "Pazientzia, esperantza eta erabakitasuna"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 19a, 20:24

Bihar betetzen dira hiru urte ETAk bere amaiera iragarri zuenetik. Erabaki hori inflexio-puntu bat izan zen. Egun horretara arte, okerrago bizi ginen; ordutik hona, hobeto bizi gara. Aldaketa horren arrazoia da ETAren biolentziak eta haren mehatxuak bidegabeko kaltea egiten ziotela gizarte guztiari. Bidegabeko kaltea, hauek eragin zituelako: 850 inguru eraildako eta milaka zauritu, erasandako edo mehatxatu. Hori amaitu zen 2011ko urriaren 20an. Bidegabeko kaltea, denboran luzatu zelako, inposizio politiko antidemokratikorako asmoarekin egin zelako. Eta, batez ere, gizakiei eragindako kalte ezin konponduzkoen balantzearen larritasunagatik eta intentsitatearengatik. Bidegabeko kaltea, azken buruan, giza eskubideen urraketa larri bat ekarri zuelako. ETAren amaiera berez da berri ona, inongo aitzakiarik gabe. Argazkian, Iñigo Urkullu Renteria EAEko lehendakaria artxiboko irudi batean / cc-by Irekia - Eusko Jaurlaritza.

Nolanahi ere, ez da graziaz emandako hobari bat, baizik eta gehiengoaren eskakizun etiko, sozial eta politikoa betetzea. Ezin neurtuzko kalte eta akats baten amaiera da. Hiru urte igaro diren honetan, berri on hori berretsita dagoela esan dezakegu. ETAren amaierak benetako aukera ematen du aro berri bat hasteko.

Ez da bide erraza. ETAren indarkeriaren eta haren mehatxuaren zama astunak gure iragana baldintzatu zuen. Baldintzapen hori ez da amaitu, ondorio txarrek hor diraute. ETAren historiak eragin traumatikoak izan ditu gure gizartean. Trauma larri baten ondorioak ez dira gauetik goizera edo dekretuz gainditzen. Denbora behar da. Gaur, oraindik, iraganeko trauma horren ondorioak ari da jasaten euskal politika. Horregatik, bidea ez da erraza izango.

Iraganak itzal egiten dio orainari. Azterketa hori lagungarri gerta dakiguke ulertzeko zer-nolako zailtasunak ditugun adostasun pluralak lortzeko. Iraganak min ematen digu, eta banatu egiten gaitu. Gaindituko dugu, zalantzarik gabe, baina pazientzia apur bat beharko dugu, pazientzia tematia.

Eta pazientzia elikatzeko, helburu eskuragarria lortzeko esperantza. Badago esperantzarako motiborik. Egungo egoeraren azterketa egiteko, ibiltzeko daukagun bidearen ikuspuntua har dezakegu, edo jada eginda daukagun bidearena. Azterketa egokiak, baina, bi ikuspegiak baliatu behar ditu.

Iraganari dagokionez, ETAk bidegabeko kaltea aitortu behar du. Egin gabe dugu, baita ere, errebisio kritikoari buruzko akordio bat: guztiok partekatzeko moduko zati bat beharko du, baita zati bereiziak ere, giza eskubideen alorrean bakoitzari dagokion neurriaren eta erantzukizunaren araberakoak. Oso inportantea da, ez dugu erdietsi oraindik, baina aurrerapausoak azpimarratu nahi ditut.

Itzali da ETAren biolentzia, eta biolentzia-ekintza isolaturen bat gertatuz gero, indar politiko guztiak gatoz bat horri uko egitean. Ildo beretik, hasi gara guztiok elkartzen biktimak omentzeko ospakizunetan. Badihardugu giza eskubideen urraketak argitzen eta biktima guztiak aintzat hartzen. Hobera egin dugu, nabarmen.

Orainari dagokionez, hauek ditugu eginkizun: ETAren desarmea eta desagertzea, espetxe-politika aldatzea eta elkarrizketarako foro bat sendotzea, Bakerako eta Bizikidetzarako Ponentzia adibidez. Hori guztia dugu eginkizun, baina ezin ditugu aurrerapenak ahaztu.

Sentsibilitate politiko guztiek dute legeztatuta ordezkaritza. Lau tradizio politiko handiek hitz egiten dugu parlamentuan hainbat gairi buruz, normaltasunez. Eratuta dugu eta lanean, Memoria eta Bizikidetzaren Institutuari buruzko ponentzia, lau familia politiko handiekin. Ikuspegia zabalduz gero, egin dugun aurrerakada baloratzeko moduan izango gara.

Etorkizunari dagokionez, eginkizun dugu bizikidetzarako akordio bat, gure elkargunea taxutuko duten gutxienekoak azalduko dituena. Hori eginkizun badugu ere, azpimarra dezagun egindakoa.

Gero eta sarriagotan, sentsibilitate desberdinetako biktimak biltzen dira eta bizikidetzarako keinu eta hitz ausartak egiten dituzte. Gero eta udal gehiagotan antolatzen dira elkargune pluralak. Hezkuntza-sisteman, adostasunez ari dira lanean bakerako eta bizikidetzarako hezkuntzan.

Gainditu gabeko irakasgaien eta lorpenen arteko balantze hori ikusita, hau esan dezaket: esperantzaren hipotesia ez dela arbitrarioa. Badago horretarako arrazoi objektiborik. Euskal gizartea bera dugu ahaltsuena, printzipio demokratikoen, giza eskubideen eta pluraltasunaren errespetuan bizi baita bizikidetasunean. Hobeto gaude, eta hobera egingo dugu, gizartearen gehiengoaren bake- eta bizikidetza-gogoaren bultzada ezin delako gelditu.

Pazientzia tematiak benetako esperantza behar du, helburu eskuragarri hori erdietsiko dugula. Pazientziak eta esperantzak, azken buruan, erabakitasuna behar dute. Indarra behar dute, uste osoa eta argitasuna, proiektu sendo bati begira. Eusko Jaurlaritzak alor honetan duen erabakitasuna Bake eta Bizikidetzarako Planaren bidez ageri da.

Proiektu hori 18 ekimenetan hedatzen da. Guztiak daude martxan. Azkena, Hitzeman proposamena, presoak bergizarteratzeko legezko prozesuetan laguntzeko. Hurrengoa, aste honetan bertan, Europako lankidetza-proiektuak aztertzea PEACE Program delakoarekin.

Bake eta Bizikidetza Planaren erabakitasunak bi oinarri sendo ditu: printzipio etikoak eta gizartearen gehiengoaren borondatea. Biek ala biek eratzen eta taxutzen dute zentralitate sozial eta politikoa.

Printzipio eta borondateen esparru horrek argi definitzen ditu Bake eta Bizikidetza Planaren bost lehentasun etikoak: (1) ETAren desarmea eta desagertzea; (2) iraganarekiko memoria kritikoa, eta bidegabeko kaltea aitortzea, terrorismoak, biolentziak eta giza eskubideen urraketa guztiek eragin baitute; (3) biktima guztiei laguntzea, diskriminaziorik eta bazterketarik gabe, eta giza eskubideen urraketak elkarrekin konpentsatu gabe; (4) bizikidetza lehenesteko oinarrizko akordioa familia politiko handien artean, eta (5) espetxe-politika aldatu, eta presoen bergizarteratzea sustatzea.

Pazientzia tematia behar dugu bide bihurriaren zailtasunei aurre egiteko. Badugu esperantzarako motiborik: martxan gaude, hobetzen ari gara, tarte handia dugu are gehiago hobetzeko. Bihar betetzen dira hiru urte ETAk bere amaiera iragarri zuenetik, ordutik hona hobeto bizi gara.

Iñigo Urkullu Renteria EAEko lehendakaria
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun