Ordu laurden baino gutxiagoko TAOko aparkaldiek "ibilgailuen txandakatzea indartu" dute Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 20a, 13:15

Getxoko Udalak emandako datuen arabera, 15 minutu baino gutxiagoko TAOko aparkaldiak egiteko doako 6.957 txartel erabili ziren ekimenaren lehenengo egunetan, hau da, irailaren 16tik 30era. Datu horrek, udalerrian TAOren araupeko gunetan egindako 47.716 aparkamenduen %14,58 suposatzen du. Doako 3 txarteletatik 2 Areetan erabili ziren eta gainontzeko guztiak Algortan, batez ere astelehen eta asteartetan. Joseba Arregi Hirigintza zinegotziarentzat, “datu horiek sistema horren indarraldia baieztatzen dute, arrazoizko errotazio maila mantentzen baitu, eta horrek merkataritza-jarduera eta hainbat izapide egiteko gunetan aparkatzea errazten du. Gaur egun, aurtengo eta iazko datuak alderatzen ari gara epealdi laburretan egindako txandakatze mailak handitzea lortu dugun ikusteko, neurri harekin lortu nahi dugun helburua baita, hain zuzen ere”. Gunez gune, Areetan Ama Mesedeetako (%27,74) eta Nagusi (%20,12) kaleak, aparkaldi guztien %50a jaso zuten eta Algortan neurriaren eraginik handiena Euskal Herria (%18,14) eta Amezti (%14,37) kaleetan nabaritu zen. Kale horiek dira udalerriko denda eta bulego gehien batzen dutenak. Argazkian, TAO zonalde bat Algortan.

Bakarrik 243 erabiltzailek handitu zuten aparkaldiaren denbora doako 15 minutuak bete baino lehen, hau da, %4 baino gutxiagok. Areetan 158 izan ziren, batez ere 30 minutura artekoak (%38,61), eta 50 eta 80 minutukoak ondoren (%9,49). Algortan, 85 lagunek luzatu zuten aparkatzeko denbora, horietatik 30 minutura artekoak %58,82a izan ziren eta 80 minutura artekoak %8,24a.

Funtzionamendua

Getxon AAZren (Araupeko Aparkamenduaren Zerbitzua), OTA-TAO izenez ezagutzen denaren Zerga-Ordenantzak, 15 minututik beherako aparkaldiak doakoak izatea aurreikusten du, dagokion txartela aterata. Makinan matrikula sartu eta egiaztatu ondoren, gidariek 15 minutu edukiko dute dohainik aparkatzeko. Tarte horren barruan, aparkaldia luzatu ahal izango da behar izanez gero, baina 15 minutuak igarota aparkatzeko denbora luzatu gabe, toki horretan berriro aparkatu ahal izateko ordubete itxaron beharko da edo gunez aldatu. 15 minutu baino aparkaldi luzeagoetarako indarrean dauden tarifak mantenduko dira, hau da, 30 minutukoa 0,25 euro; ordu batekoa 0,65 euro; ordu bat eta erdikoa 1,25 euro eta lau ordu eta erdikoa 5,85 euro, batzuk aipatze arren.

Ordainketa parkimetroan bertan egin daiteke edo telematikoki Internet bidez (eskuko telefonoa, ordenagailua, tableta ...).

Egoiliarrentzako aparkamendu baimendurako txartelaren urteko kuota 48,15 eurokoa da ibilgailu bakoitzeko. Egoiliar-txartelaren aldaketagatik, ibilgailua aldatzeagatik eta beste arrazoi batzuengatik txartel berria jasotzeko 4,50 euro ordaindu beharko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun