Emakume haurdun, haurtxo eta familientzako uretako jarduerak abian Faduran eta Gobelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 20a, 13:32

Haurdun, haurtxo eta familiei zuzendutako uretako doako jardueren denboraldi berria urriaren 25 eta 26ko asteburuan hasiko da Algortako Fadura eta Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegietan. Programa Getxo Kirolak udal erakundeak antolatzen du –Getxo Igeriketa Waterpolo klubaren eta udalerriko lehen arretako osasun-zentroen laguntzarekin– eta pertsona abonatuentzat da. Haurdun dauden emakumeen kasuan, jarduerak Gobelan egingo dira, larunbatetan, 09:00etatik 09:45era bitartean. Sei hilabete eta bi urte arteko haurrei dagokienez, igeriketa bi taldetan emango da, larunbatetan, 09:45etik 10:35era bitartean. Gainera, 2 eta 3 urte arteko neska-mutikoentzako taldea 10:35etik 11:00etara izango da. Saio horiek ere Gobelan izango dira, eta bainu-txanoa, uretako oihala, bainujantzia eta flotatzen duen jostailu bat eraman behar dira. Igandetan, berriz, 10:00etatik 11:00etara, Faduran jolas bidezko hainbat jarduera egingo dira. Horietan parte hartu ahal izango dute 4 urte beteta dituzten haurrek, eta, gutxienez, pertsona heldu batekin joan beharko dute. Horrela, izena emandako pertsonek ur zirkuitu eta jolas, aquagym, waterpolo, koltxoi eta ur-jinkanaz gozatu ahal izango dute. Interesa duten pertsonek izena eman dezakete Fadurako (944 308 070) edo Gobelako (944 045 151) jendearentzako arreta bulegoetan. Argazkia: © Getxoko Udala.

Programaren helburua da haurdun dauden emakumeei, haurtxoei eta familiei eskaintzea osasunera eta aisiara bideratutako oinarrizko irakaskuntza, ondoren haien kontura praktikan jar dezaten. Jarduera guztiak hilabete bakoitzeko azkeneko asteburuan egiten dira, antolatutako jardueren eta modu askean joaten diren pertsonen artean oreka bilatze aldera, igerilekuak erabat bete gabe.

Haurdun dauden emakumeen kasuan, haurdunaldiko 24 aste bete dituztenentzat dira jarduerak, eta erditutakoei dagokienean, erditu eta 40 egun igarota dituztenentzat, arreta moduan. Era horretan, talde horrek zerbitzu medikoen oniritzia izatea gomendatzen da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun