Espainia mailako saria jaso du Getxo Kirolak udal erakundeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 20a, 13:49

Getxo Kirolak udal erakunde autonomoak accesita lortu du AERCE Espainiako Erosketa, Kontratazio eta Horniketako Arduradunen Elkarteak urtero ematen dituen Erosketako Diamantea Sarietan, sektore publikoaren alorrean, hain zuzen ere. Getxoko Udalaren kirol-erakundeak saria jaso du, hain zuzen ere, duela gutxi energia-eraginkortasuneko plan bat kontratatu duelako, tokiko iturriek zehaztu dutenez. Plan hori azaroan jarriko du martxan, eta helburua da urtean energia termikoaren %17 aurreztea. Erakundeak aurreikusi du, batetik, energia-kontsumoa murriztuz urtean 90.000 euro aurreztuko dituela; eta bestetik, plana martxan jartzeko inbertsioa (450.000 euro) zazpi urtean amortizatuko dela. Sariak ostegunean banatu zituzten Madrilen, eta Imanol Landa alkateak, eskerrak emateaz gain, honako hau adierazi zuen: “energia-eraginkortasunaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa da, diru-kutxetan aurreztea lortzen delako, batetik; eta ingurumenari on egiten diolako, bestetik. Aurten, gainera, Getxo Europako Kirol Hiri izendatu dute, eta udalerrian gorputz-ariketa eta aisia osasungarria sustatzeko ahalegina egin dugu; horrek, noski, ingurumena zaintzearekin zerikusi handia dauka”. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Juan Jose Jimenez AERCEko presidentea / © Getxoko Udala.

Bere aldetik, Juan Jose Jimenez AERCEko presidenteak gogoratu zuen “sari horiek enpresek eta erakundeek balio erantsia sor dezaten eta erosketa-sailek erakundeen plan orokorrean eragina izan dezaten egiten duten ahalegina” aintzatesten dutela. “Gaur aurkeztutako proiektuen bitartez”, esan zuen Jimenez, “sarituek erosketen arloa aldatzea lortu eta hainbat helburu erdietsi dituzte: lehiatzeko gaitasuna hobetzea eta gizarte-erantzukizun korporatiboa eta bikaintasuna areagotzea; hori, enpresa-erakundeentzat eta erakunde publikoentzat estrategikoa den arlo batean”.

Aurtengo edizioan, Getxo Kirolez gain honako hauek saritu dituzte sektore publikoaren alorrean: Gijongo Udala eta Madrileko La Paz ospitalea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun