Edukiontzi berdera zer bota behar den erakutsiko dute Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 20a, 18:27

Bi urtetik behin Erandioko Udalak, Ecovidriorekin batera herritarrei zuzenduriko kanpaina bat antolatzen du. Oraingoan, herritar orori zuzenduriko bi saio informatibo izango dira, "Aukeran... berdera!" lelopean. Lehenengoa, ostiralean, urriak 24, Altzaga auzoko Irailaren 23a plazan, 16:30etatik 20:30etara izango da, tokiko arduradunek euskaraz eta gaztelaniaz (ez da ohikoa) helarazitako prentsa-oharrean zehaztu dutenez. Ahalik eta jende gehienera iristeko asmoz, kanpainak hurrengo egunean jarraituko du: larunbatean, urriak 25, Astrabuduako Josu Murueta plazan, 10:00etatik 14:00etara, putxera lehiaketarekin bat eginez. "Kanpainaren helburu nagusia, edukiontzi berdera zer bota behar den jakitea da. Gaur egun, gai hau menderatzen dugula uste badugu ere, oraindik asko eta asko dira edukiontzi honetan agertzen diren akatsak", azaldu dute Udaletik. Guzti hauen inguruan gehiago sakontzeko asmoz, antolatu da kanpaina. Hiru ekintza ezberdinen bitartez herritarrak edukiontzi berdera zer bota daitekeen (beirazko ontziak soilik) eta zer ezin den bereiziko du (edalontziak, zeramikazko katilu zein platera, bonbillak…). Argazkia: © Erandioko Udala.

Kanpainaren oinarria iglu berde forma duen puzgarria da; puzgarria kanpainaren oinarri gisa erabiltzeaz gain, informazio oinarri gisa ere erabiliko da, bertan agertuko baita argi eta garbi irudikatuta zein gauza bota daitezkeen eta zein ez. Igluaren inguruan, jolasak egongo dira. Horiek heldu zein umeentzat diseinatuta daude beraien parte-hartzea sustatu eta edukiontzi berde eta oro har birziklapenaz hitz egiteko. Jolasetan parte-hartzen duen herritar orok, jarraian berak egindako beirazko bitxia, zein txapak zein imanak egiteko aukera izango du, kanpainaren oroigarri gisa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun