Haizea Hormaetxeak bigarren saria lortu du Euskal Herriko Dantza Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 20a, 18:53

Haizea Hormaetxea dantzari leioaztarrak eta Lander Campos santurtziarrak bigarren postua lortu zuten Segurako Baratze pilotalekuan pasa den larunbatean jokatu zen Euskal Herriko Dantza Txapelketan. Gainera, Amets Amubieta eta Maialen Aldalur azpeitiarrek osatutako bikote irabazlearengandik lau puntu eskasera lotu ziren. Arin-arin eta fandango lehiaketaren podiuma Garazi Gurrutxaga eta Asier Ibarguren azpeitiarrek osatu zuten. Lehenengo aldiz parte hartu eta hobeto sailkatutakoen sari berezia jaso zuten Laura Olaizolak eta Joritz Galarragak, haiek ere azpeitiarrak. Dantza jantzien saria, ordea, Iratxe Lizarburu ibartarrak eta Ibai Jimenez zaldibiarrak eraman zuten. Parte hartu zuten hamar bikoteez gain, txapelketak pasa den uztailean zendu zen Nestor Basterretxea artista izan zuen protagonista. Izan ere, irabazleek bere eskultura eramateaz aparte, Basterretxea omendu nahi izan zuen antolakuntzak, bere testu bat irakurri, haren bideo bat eskaini eta artistaren semeari oroigarri bat emanez. Argazkian, Hormaetxea eta Campos saria jasotzen / cc-by Goierriko Hitza.

Hormaetxeak eta Camposek ez zuten lortu iaz jantzitako txapela eta lepokoa berriro eskuratzea, baina bikote bizkaitar bakarra gustura lotu da egindako lanarekin. Gainera, orain arte bikote batek ere ez du Euskal Herriko txapelketa birritan irabaztea lortu.

Haizea Hormaetxeak azaldu duenez, "txapelketa bikaina izan zen, maila zoragarria erakutsi genuen danok eta oso oso oso oso borrokatua egon zan txapela". Horretaz gain, biziki eskertu du lagun eta dantza zaleek agertutako atxikimendua: "Lander eta nire partetik Mile esker danori, txapelketa hasi aurretik animoak eman zenigutenei eta txapelketan bertan animatzen egon zineten guzti guztioi. Mile esker bihotz bihotzez!!!!", gaineratu du leioaztarrak.

Sailkapena

1. Maialen Aldalur eta Amets Amubieta (Azpeitia), 75,00 puntu.

2. Haizea Hormaetxea eta Lander Campos (Leioa eta Santurtzi), 71,00 puntu.

3. Garazi Gurrutxaga eta Asier Ibarguren (Azpeitia), 68,00 puntu.

4. Lierni Kamio eta Iker Sanz (Billabona eta Lezo), 67,50 puntu.

5. Laura Olaizola eta Joritz Galarraga (Azpeitia), 59,00 puntu.

6. Libe Lizaso eta Jon Ander iriondo (Azpeitia), 58,00 puntu.

7. Iratxe Lizarburu eta Ibai Jimenez (Ibarra eta Zaldibia), 56,50 puntu.

8. Maite Beobide eta Mikel Subinas (Azpeitia), 55,00 puntu.

9. Maria Camarero eta Goretti Galarraga (Ibarra), 51,50 puntu.

10. Maddi Otegi eta Julen Rodriguez (Billabona eta Alegi) 51,00 puntu.

Euskal Herriko 38. Dantza Txapelketaren laburpena (cc-by Goierriko Hitza)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun