Garapen Lankidetzarako 308.000 euro banatuko ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 20a, 18:57

Getxoko Udalak aurten 308.000 euro banatuko ditu txirotutako herrialdeetan lankidetzako, sentsibilizazioko eta giza ekintzako 17 ekimenen artean, gobernuz kanpoko erakundeentzako urteroko diru-laguntzen deialdiaren barruan. Lankidetzako proiektuek hezkuntza, emakumeen jabekuntza eta osasun arloetan sustatuko dituzte ekimenak eta 80.000 pertsonentzako hobekuntzak suposatuko dituzte; sentsibilizazioaren aldeko proiektuek bidezko merkataritzako, Giza Eskubideen defentsa eta garapeneko lankidetzari buruzko heziketa landuko dituzte, guztira 4.200 getxoztarren partaidetzarekin; eta giza ekintzako proiektuek udan Ekialdeko Europako 16 adin gabe udan artatzea ahalbideratu dute. “Deialdiak Getxok hainbat arlotan duen konpromiso solidarioa uzten du agerian, hain zuzen ere, txirotutako herrialdeetan bizi diren pertsonekiko, udalerrian sentsibilizazio jarduerak egiteko eta egoera zailean bizi diren haurrak hartzeko familia getxotarrei laguntzeko. Konpromiso hori errealitate bihurtu ahal izateko GKEen, entitateen, elizen eta auzokideen laguntza eta lan desinteresatua ditugu. Horiei esker diru-laguntza jasotzen duten proiektuak eraman daitezke aurrera”, adierazi du Kepa Miñanbres Garapeneko Lankidetza zinegotziak. Argazkian, ordezkari politiko getxoztarrak Sahara eta ekialdeko Europako umeei ongi etorria ematen udaletxean.

Udalak 260.000 euro zuzenduko ditu garapeneko lankidetzako atalera, genero ikuspegia duten 10 proiekturen bitartez, horien erdia Afrikan eta gainontzekoak Ertamerikan eta Hego Amerikan. Heziketa alorrean, San Martin de Tourseko Misioetako Taldeak 45.000 euro jasoko ditu Kongoko Errepublika Demokratikoko Kansenyan eskolaratze proiektu bat aurrera eramateko; Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak 28.700 euro hezkuntza alternatiboko ekimen baterako Guatemalan; Perualdek 24.000 euro diru sarrera gutxi duten umeak eskolaratzeko Perun eta beste 20.000 euro adin gabeentzako gizarte-heziketako prozesu baten alde egiteko Ruandan; eta Ayuda Mas taldeak 20.300 euro arrisku egoeran bizi diren haurren eta nerabeen bizitza hobetzeko, Perun ere bai.

Osasuna hobetzea helburu duten proiektuei dagokienez, Medicus Mundi taldeak 28.500 euro eskuratuko ditu Guatemalako hainbat komunitate indigenentzako ingurugiroko eta osasuneko baldintzak hobetzeko; Osaldek 28.000 euro Malin ur edangarria eskuratzea hobetzeko eta Romoko Eccak 9.000 euro buru osasuneko zentro baterako Kongoko Errepublika Demokratikoan.

Azkenik, Zabalketak 28.500 euro jasoko ditu Kolonbiako Pazifikoko kostaldean emakume afro-ondorengoen eskubideen defentsarako eta sustatzeko. Bestalde, Alboan entitateak 28.000 euro izango ditu nekazaritza jasangarri, ekonomia solidario eta genero berdintasunerako proiektu baterako Salvadorren.

Sentsibilizazioa

Sentsibilizazio atalean, Udalak Bidezko Merkataritzaren aldeko apustua mantentzen du, eta hori dela eta, 16.700 euro eman dizkio Emausi. Zabalketak "Ikasi eta parte hartu" lelopeko eskola programarekin segitzeko 16.300 euro jasoko ditu, eta UNESCO Etxeak 10.000 euro "Eman minutu bat Giza Eskubideen alde" lelopeko programarako.

Giza ekintza

Azkenik, giza ekintzako jardueran, 5.000 euro banatuko ditu Udalak Chernobil elkartea, Chernobileko umeak, Bikarte eta Ukrania Gaztea elkarteen artean, udan adin gabekoen harrera programak aurrera eraman ditzaten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun