Iparra Galdu Gabe jardunaldiak bihartik aurrera Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 22a, 18:58

Ipar Euskal Herriaren errealitatea Getxora hurbiltzea da bi urtean behin Getxoko Udalak antolatzen dituen Iparra Galdu Gabe jardunaldien helburua. EKE Euskal Kultura Erakundearekin lankidetzan eta udalerriko euskalgintzarekin batera, aurten VI. edizioa izango da, urriaren 23tik azaroaren 4ra bitartean. Hurrenez hurren, Itxaro Borda idazlearen eta Eneko Bidegain irakaslearen solasaldiak, Odei Barroso eta Xabi Paya bertsolarien saioa, eta gastrokontzertua izango dira. Horrenbestez, ostegun honetan, hilak 23, 19:00etan, Itxaro Borda idazlea "Boga Boga" liburuaz mintzatuko da Aldai Patronatoan, Algortan. Eleberria Lapurdiko kostaldean kokatuta, Ipar Euskal Herriak azken 30 urteotan izandako aldaketak deskribatzen ditu idazleak. Egitarauarekin jarraituz, datorren asteartean, hilak 28, 19:30ean, Eneko Bidegain idazleak eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak “Munduko lehen gerla handiak Euskal Herrian ukan zuen eragina” hitzaldia eskainiko du Getxo Elkartegian, Areetan. Argazkian, Pantxoa Etchegoin EKE Euskal Kultur Erakundearen zuzendaria eta Koldo Iturbe Euskara zinegotzia, orain bi urte, jardunaldiak aurkezten / © Getxoko Udala.

Bestalde, urriaren 30ean, osteguna, 19:30ean, Odei Barroso eta Xabi Paya bertsolariak Iparraz eta Hegoaz arituko dira berbetan eta bertsotan, Algortako Fadura kiroldegiko kafetegian. Biek, Ipar-Hegoaren egoera, hartu-emonak, distantziak, euskararen osasuna, erronkak eta zubiak izango dituzte hizpide. Amaitzeko, azaroaren 4ean, asteartea, 20:00etan, gastrokontzertu bat izango da The Piper´s taberna irlandarrean, Algortako Basagoiti kaleko 47. zenbakian. Bertan Philippe de Ezcurra (akordeoia), Kattalin Indaburu (kantua) eta David Arriola (saxofoia) musikariekin, ohiko eta gaurko euskal kantuak entzun eta Iparraldeko mozkinak dastatu ahal izango dira. Lau ekitaldiak euskaraz eta doakoak izango dira.

Oraindik asko ezagutzeko

“Gauza asko komun ditugu baina oraindik ere gauza asko dago ezagutzeko. Euskarak eta euskal kulturak lotzen gaitu baina oraindik Iparraldea urrun dugu, egoerak desberdinak direlako. Beraz jardunaldiak onuragarriak dira denontzat. Ahal den neurrian informazioa zabaldu behar dugu, batez ere belaunaldi berrietara”, nabarmendu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak. Urte askotako harremanen eta lanaren ondorioz, hurrengo egunotan izango diren ekitaldiekin batera, urtean zehar, aurten, jarduera gehiago izan dira, esate baterako, Folk Jaialdian, Getxophoton edo Donibane Lohitzuneko ordezkariekin harremana. “ Gainera programa, beti bezala, udalerriko euskalgintzarekin batera eraman dugu aurrera, horien artean Egizurekin, UK aldizkariarekin eta ALBErekin”, zehaztu du Euskara ziengotziak.

Zentzu berean agertu da, Pantxoa Etchegoin EKE Euskal Kultur Erakundearen zuzendaria, “oso garrantzitsua baita aspalditik dagoen harremana, konfiantza egotea eta lankidetza kultur arloan ez ezik beste esparru batzuetara zabaltzea ere, esaste baterako, turismora, gastronomiara edo eskoletara". "Lortu behar dugu jardunaldien programaziotik kanpo Iparraldeko artistek hemengo ekitaldietan urte osoan zehar ere parte hartzea”. Hori guztia lortzen ari da urte askotako harremana dagoelako eta “muga fisikoak ez, baina muga psikologiak beti hor ditugu eta horiek gainditzeko sinpleena da gauzak egitea”, amaitu du Etchegoinek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun