Laugarren urtez aurrekontu parte-hartzaileen prozesua antolatu du Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 22a, 21:26

Laugarren urtez, EH Bilduk zuzendutako Sopelako Udalak aurrekontuen prozesu parte-hartzailea antolatu du, herriko lau auzoetan bilera irekiak deituz. Lehenengoa datorren asteazkenean, urriak 30, izango da Sopelmarreko egoitza sozialean. Hurrengo egunean gauza bera egingo dute Arriaterako egoitza sozialean. Azaroaren 4an, berriz, Larrabasterrari (Iberre institutuan) helduko zaio txanda eta azaroaren 6an Sopela herriguneari (udaletxeko sarrera). "Bileretan edozein lagunek parte har dezake, eta edozein ideia izango da ondo etorria, baina garrantzitsua izango da herri mailako ikuspegi orokorra ikuspegi pertsonalaren gainetik jartzea", udal arduradunek azaldu dutenez. Ordu berean izango dira lau batzarrak: 19:00etan. Era berean, azken urteetan bezala, Udalak herriko etxebizitza guztietan inkesta bat banatuko du, idatziz auzokide guztien iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Herriko hainbat leku publikotan buzoiak jarriko dira, herritarrek bertan bota ditzaten. Inkestak betetzeko epea urriaren 27tik azaroaren 9ra arte izango da. Argazkian, aurrekontuak lantzeko bilera herritarrekin, artxiboko irudian / © Sopelako Udala.

Bilera irekietan, lehenik eta behin aurrekontuen azalpena emango da: zelan banatzen den gastua, nola dagoen egituratua, inbertsioetarako zenbat bideratzen den...

Horren ostean, Udalak aurreikusten dituen proiektuen berri emango da: bai Sopela mailan, bai dagokion auzoaren proiektuak. Azkenik, herritarrek euren ekarpenak egiteko aukera izango dute: urte osoan zehar topatu dituzten gabeziak, ideia-jarioa, egokiak ikusten dituzten egitasmoak, eta abar.

"Modu honetan, herritarrek zuzen-zuzenean Udalaren egitekoa gertutik ezagutzeko aukera izango dute, udal kontuei gardentasuna emanez. Izan ere, nahiz eta Udal baten tresnarik nagusiena izan, aurrekontuen inguruko ezjakintasuna nabarmena da gizartean, eta prozesu honen bidez, apurka-apurka kontuei argia ematea da helburua. Gainera, herritarrak udalgintzan inplikatzea da asmoa", diote Sopelako Udaletik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun