Sopelako emakume gazteen egoerari buruzko diagnostikoa aurkeztuko dute bihar

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 23a, 12:24

Sopelako emakume gazteen errealitatea ezagutzeko asmoz, Udalak berdintasun-desberdintasun egoeren eta beharrizanen inguruko diagnostiko parte-hartzailea egin du aurten, helburu birekin. Alde batetik, emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasunen aurrean emakume gazteek egiten dituzten eskaerak zeintzuk diren ezagutzeko. Eta bestetik, emakume gazte hauen parte-hartze indibiduala eta kolektiboa bultzatuz, emakume gazte hauen topaleku bat sortzea bultzatuz, desberdintasunen gainetik, batzen dituena lehenetsiz. "Diagnostiko hau egiterakoan emakume gisa kontzientzia handia duten gazte batzuekin lan egin da. Horri esker, lantaldeen ondorioetan genero ikuspegi argia egon da, aztertu diren eremu guztietan", zehaztu dute tokiko arduradunek. Adibidez, diagnostikoaren ondorioetako bat Sopelak Jabekuntza Eskola bat behar duela izan da. Hori dela eta, aurtengo ikasturtean abian egongo da aipatu eskola. Sopelako emakume gazteen egoerari buruzko diagnostikoaren aurkezpena ostiral honetan, urriak 24, izango da Kurtzio kultur etxean, 19:00etan. Argazkian, Sopelako bi emakume gazte eraso sexisten kontrako pankarta alboan.

Ikerketa horrek, gainera, gazte batzuei (emakume zein gizonezkoak) kontzientzia pizten lagundu ei die, "orain arte ez baitira guztiz jabetu emakume eta gizonezkoek pairatzen dituzten desberdintasunez". Azkenik, ikerketak emakume gazteek bizi duten errealitateen inguruko informazioa ematen du, eta etorkizunean proposamenak bultzatzerako orduan oso kontuan hartzekoak izango dira.

Jabekuntza Eskola

Sopelak Emakumeen Jabekuntza Eskola izango du azkenean lehen aldiz. Ostiral honetan, urriak 24, izango da lehenengo ikasturte honen lehenengo eskola, 18:00etatik 21:00ak arte Kurtzio kultur etxean. Saioak ostiraletan eskainiko dira, eta 16 emakumek parte hartuko dute. Jabekuntza Mujeres Imperfectas elkartearen eskutik jasoko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun